Itxi

Osasuna

Espanyolen aurka

Garaipena eskuratu du Osasunak, Cejudoren golari esker (1-0)

Erredakzioa

Javi Graciaren taldeak urrezko hiru puntu lortu ditu, eta jaitsiera postuetatik kanpo egingo du lo.

  • Osasunaren gola. Argazkia: EFE

    Osasunaren gola. Argazkia: EFE

Osasunak garrantzi handiko garaipena eskuratu du Sadarren jokatutako partidan Espanyol mendean hartuta (1-0). Alvaro Cejudo izan da neurketako golegile bakarra.

Parekatuak izan dira Sadarren jokatutako lehen minutuak, eta gol aukerak area bietan egon dira. Armenterosek izan du etxekoen gola sartzeko abagunea, eta Sergio Garciak gutxigatik ez du Espanyol markagailuan aurretik jarri.

Neurketaren hasiera irekia izan da, baina minutuek aurrera egin ahala trabatu egin da jokoa eta arriskua sortu ahal izateko hutsuneak eskasak ziren. 33. minutuan heldu da Osasunaren gola. Alvaro Cejudok Javi Lopezen akatsa baliatu du 1-0ekoa egiteko. Hortik aurrera Javi Graciaren taldea izan da jaun eta jabe, eta bigarren gola izan du helburu. Espanyol, ordea, galduta zebilen.

Talde katalana berdinketaren bila zelairatu da atsedenaldiaren ostean, eta erasora jokatu du, baina arrisku handirik sortu gabe. Bisitarien abagunerik garbiena Abrahamek izan du 70. minutuan, baina bere jaurtiketa bikain aldaratu du Andres atezainak.

Amaierarako hamabost minuturen faltan, edozer gauza gerta zitekeen Sadarren. Javier Aguirreren taldeak ez du amore eman eta azken unera arte saiatu da, baina Osasunaren lana biribila izan da eta puntuak Iruñean geratu dira. Nafarrek jaitsiera postuetatik kanpo egingo dute lo.

Fitxa teknikoa:

Osasuna: Andres; Marc Bertran, Loties, Arribas, Joan Oriol; Lolo, Puñal; De las Cuevas (Torres, 69'), Armenteros (Oier, 89'), Cejudo (Silva, 78'); Oriol Riera.

Espanyol: Casilla; Javi Lopez, Hector Moreno, Colotto, Capdevila; David Lopez, Abraham (Alex, 73'); Stuani, Córdoba, Simao (Pizzi, 62'), Sergio Garcia.

Golak:

1-0, 33': Cejudo.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en