Itxi

Osasuna

Errege Kopa

Osasunak Malagan berdindu eta kanporaketa bideratuta utzi du

L.E. | eitb.com

Javi Graciaren taldeak 3 eta 0ekoa irauli du Torresek, Onwuk eta Armenterosek bigarren zatian egindako golei esker.

  • Torresek eta Onwuk Osasunaren hiru goletatik bi egin dituzte. Efe.

    Torresek eta Onwuk Osasunaren hiru goletatik bi egin dituzte. Efe.

Osasunak ondo bideratuta utzi du bigarren zatian galdutzat eman zitekeen Kopa kanporaketa. Nafarrek kemena erakutsi eta erabat aldapan gora zuten neurketa berdintzea lortu dute, jokalari bat gutxiagorekin ari zirenean.

Gorritxoek ondo hasi dute partida, eskuineko hegalean erraztasunak eman dizkio Malagak eta alde horretatik iritsi da nafarren arriskua, baina aparteko aukerarik sortu gabe. Argiena 12. minutuan izan dute: Roberto Torres eskuin alde horretatik sartu da eta bere erdiraketa ezin izan du Armenterosek errematatu, oso gutxigatik ez da argentinarra baloira iritsi.

Hortik aurrera, Osasunak behera egin du. Malagak ondo aprobetxatu du nafarren ahulaldia eta jokoaren kontrola bere gain hartu du. Lehen gola 31. minutuan sartu dute: Moralesek kornerra atera du ezkerreko aldetik eta Sergio Sanchezek, bakar-bakarrik, baloia sarera bidali du buruz.

Bigarrena zazpi minutu geroago iritsi da, estrategiako beste jokaldi batean. Antunes izan da golegilea, falta bat zuzenean maisuki jaurtita.

Atsedenalditik bueltatu eta berehala, andaluziarrek hirugarrena egin dute, Juanmiren jokaldiari esker. Kanporaketa galduta zirudien, baina gauzak asko aldatu dira ondorengo minutuetan. Roberto Torresek Osasunaren lehen gola sartu du 57. minutuan, urrutitik, eta hor hasi da partida aldatzen.

Malaga, lur jota

Lau minutu geroago, gorritxoek bigarrena egin dute. Damiak falta bat atera du, baloia Torresi iritsi zaio eta bere erdiraketa Onwuk errematatu du. Schusterren taldeak kolpe handia hartu du momentu horretan.

Loeren kanporaketak (bi txartel hori atera dizkio epaileak) ez ditu gauzak aldatu, nafarrek berdinketa lortu baitute 78, minutuan. Armenteros izan da gola sartu duena.

Gauzak horrela, Osasuna bizirik atera da Rosaledatik eta kanporaketa Sadarren erabakiko dute Graciaren mutilek, dena alde dutela.

Fitxa teknikoa:

3 - Malaga: Caballero; Gámez, Angeleri, Sergio Sánchez, Antunes; Portillo, Camacho (Piazon, 81. min), Tissone (Anderson, 74. min), Eliseu (Sebastián Fernández, 88. min); Morales (Duda, 74. min) y Juanmi (Duda, 73. min).

3 - Osasuna: Riesgo; Damiá, Flaño, Oier, Joan Oriol; Armenteros (Satrústegui, 90. min), Silva, Loé, José García (Loties, 66. min); Torres y Onwu (Oriol Riera, 77. min).

Golak: 1-0, 31. min: Sergio Sánchez. 2-0, 38. min: Antunes. 3-0, 46. min: Juanmi. 3-1, 57. min: Torres. 3-2, 60. min: Onwu. 3-3, 78. min: Armenteros.