Itxi

Osasuna

BBVA Liga

Osasuna zuloan da berriro ere

L.E. | eitb.com

Javi Graciaren taldeak galdu egin du Sadarren 0 eta 1 Almeriaren aurka.

1:20

Osasunak bigarren partida jarraian galdu du eta behera begira da berriro ere BBVA Ligako sailkapenean. Almeriak hirugarren garaipena jarraian lortu du, gorritxoek baino joko askoz hobea egin gabe.

Lehen zati kaskarra jokatu dute bi taldeek. Jokoak ez du jaberik izan eta gol aukera oso gutxi ikusi dituzte Sadarrera hurbildu diren zaleek.

Javi Graciaren mutilak gogoz atera dira eta erasora jo dute lehen minutuetan. Nafarrenak izan dira lehen erasoak, baina konfiantza gutxirekin egindakoak.

Almeriak, aldiz, ondo hartu du lekua berdegunean eta gauzak zail jarri dizkie gorritxoei. Are gehiago gola egin dutenetik. 18. minutuan, andaluziarrek kornerra atera dute eta Andresek huts galanta egin du, baloia eskuetatik irrist egin eta Rodriri gola oparitu baitio. Aurrelariak ez du barkatu.

Hortik aurrera, Javi Graciaren mutilak berdinketaren bila aritu dira, Almeriaren arean ere bi penalti eskatu dituzte, aurkariek baloia eskuarekin ukitu dutela argudiatuta, baina epaileak ez du ezer ere adierazi.

Aukera garbiena lehen zatiaren luzapenean izan dute. Almeriaren arean nahastea izan da eta baloiak Estebanen atearen zutoinean jo du, barrura sartu barik.

Erreakzioa, berandu

Nafarren erreakzioa berandu iritsi da, oso berandu, partidaren azken minutuetan. Ordura arte, gauzarik aipagarriena Jose Garcia 16 urteko gaztearen debuta izan da.

Azken 20 minutuetan, Osasunak eskura izan du berdinketa hainbat alditan. Ariel Nuñezek orpoz 64. minutuan, Oriol Rierak buruz 71. minutuan, Torresen bi 88. eta 90. minutuetan eta Jose Garcia gaztearen jaurtiketa 89. minutuan... aukera garbiak guztiak, baina nafarrek ez diete etekinik atera.

Azkenean, 0 eta 1 galdu dute, eta jaitsiera postuetan dira berriro ere Javi Graciaren mutilak.