Osasuna
Sadar estadioan
Osasunak porrot mingarria jaso du etxean (0-1)
Erredakzioa
Javi Graciaren gizonek neurketa erabakitzeko abagune ugari izan dituzte lehenengo zatian, baina Levantek lortu du garaipenaren gola, 87. minutuan.
Nafarroako taldeak 0-1 galdu du Sadarren Joaquin Caparrosen Levanteren aurka. Gorritxoak nagusi izan dira, lehenengo zatian, baina erasoan hutsegite larriak egin dituzte, eta Keylor Navasek erakustaldia eman du ate azpian. Bigarren zatian, Valentziako taldea gehiago izan da, eta Xumetrak 0-1ekoa jarri du markagailuan, Andres Fernandezek Diopen penalti jaurtiketa desbideratu ondoren.
Osasuna jaun eta jabe izan da lehenengo zatian, baina Keylor Navas atezainak erakustaldia eman du ate azpian. Javi Graciaren gizonek aise agindu dute berdegunean, eta hegaletatik erdiraketak bilatu dituzte. Oriol Rierak neurketako lehen aukera izan du, baina aurrelariak oso gaizki jaurti du baloia (9. minutua). 14. minutuan, aurrelari gorritxoak beste abagune argi bat izan du, baina Levanteko atezainak gelditu ikusgarri egin du.
Iruñeko taldeak presio ona egin du erasoan, eta Caparrosen gizonak atzean sartu dira, kontraerasoaren zain. De las Cuevasek eskuin hegaletik jaurtiketa gogorra egin du, baina Navasek baloia kornerrera desbideratu du. Jarraian, Armenterosek gola lortzeko abagune oso argia izan du, eta Levanteko atezainak beste gelditu erabakigarri bat egin du. Lehenengo zatiko azkenengo aukera Oriol Rierak izan du, baina Osasunako aurrelariak baloia kanpora bidali du. Atsedenaldian, neurketak golik gabe jarraitu du.
Bigarren zatian norgehiagoka goitik behera aldatu da. Levantek baloiaren kontrola hartu du, eta Javi Graciaren taldeak atzerapausoa eman du berdegunean. Babak baloia sareetara bidali du, baina epaileak jokaldia baliogabetu egin du, aurelaria jokoz kanpoko posizioan baitzegoen. 64. minutuan Babak atera jaurti du, eta Lotiesek bere burua lurrera bota behar izan du, baloia kornerrera bidaltzeko. Simaok ere abagune ederra izan du, 72. minutuan, baina Levanteko jokalariaren errematea langara joan da.
Iruñeko taldeak gehiago sakatu du, eta Arribasek gola egiteko aukera ona izan du (80. minutua). Hala ere, zentralaren jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da. 86. minutuan Teixeira Vitienes epaileak Lotiesek egindako penaltia adierazi du. Andres Fernandezek Diopen jaurtiketa desbideratu egin du, baina aldaratzea Xumetrak hartu du, eta Levantek 0-1ekoa jarri du Sadarreko markagailuan. Neurketako azkenengo minutuan Cejudori bigarren txartel horia atera dio epaileak, eta Osasunak hamar jokalarirekin bukatu du partida.