Itxi

Osasuna

2-1 Elxen aurka

Denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Osasunak

Erredakzioa

Distirarik gabeko neurketa batean, garrantzi handiko hiru puntu eskuratu ditu talde gorritxoak Armenteros eta Oriol Riera jokalarien golekin.

3:10

Osasunak denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu du Sadarren Elx taldea mendean hartuta (2-1). Distirarik gabeko norgehiagoka izan da, baina gorritxoek urrezko hiru puntu lortu dituzte.

Partidako aurreneko gol aukera bisitariena izan da, Osasunak erritmorik gabe hasi du neurketa. Gorritxoek baloiaren jabetza zuten helburu, baina berdintasuna izan da nagusi Armenterosek markagailua estreinatu duen unera arte (16. minutua). Manuk ezin izan du argentinarraren jaurtiketa gurutzatua aldaratu, baina minutu bat geroago Torresen gola saihestu du. Hurbil izan du Osasunak 2-0ekoa.

Golak konfiantza eman dio Javi Graciaren taldeari, eta sentsazioak onak ziren. Baina Elx arriskuarekin hurbildu da nafarren areara atsedenaldiaren aurretik, eta zalantzak azaldu dira berriro ere. Andres Fernandezek geldiketa bikainak egin ditu 29. 30. eta 44. minutuetan. Carlos Sanchez, Boakye, eta Albacar, protagonistak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, gorritxoen bigarren gola sartu du Oriol Rierak. Aurrelariaren aurreneko errematea aldaratzea lortu du Manuk, baina bigarren saiakeran sarea zulatu du Oriolek.

Elxek baloiaren jabetzari eutsi dio, baina, lehen laurdenean ez bezala, bigarrenean lasai egon da Andres Fernandez, ia lan barik. Partida erabakita zegoela ematen zuen, baina epaileak Elxen aldeko penaltia adierazi du 87. ean. Haren ustez eskuarekin ukitu du baloia Marc Bertranek, eta Albacarrek ez du hamaika metroetatik huts egin (2-1). Baina ez da gehiagorako denborarik egon, eta puntuak etxean geratu dira.

Fitxa teknikoa:

2 - Osasuna: Andres Fernandez; Damia, Loties, Arribas, Joan Oriol; Raoul Loe, Silva; Sisi (Marc Bertran, 85'), Roberto Torres (Puñal, 74'), Armenteros; eta Oriol Riera (Manu Onwu, 80').

1 - Elx: Manu Herrera; Damian Suarez, Botia, Lomban, Edu Albacar; Carlos Sanchez (Marquez, 71'), Ruben Perez; Stevanovic (Manu, 61'), Coro, Fidel; eta Boakye.

Golak:

1-0, 16': Armenteros.

2-0, 48': Oriol Riera.

2-1, 88': Albacar, penaltiz.