Osasuna
2-1 Getaferen kontra
Osasunak laugarren porrota hartu du ligan
L.E. | eitb.com
Javi Graciak ezin izan du debuta garaipen batekin ospatu. Gorritxoak aurreratu egin dira markagailuan baina punturik lortu gabe jarraitzen dute.
Osasunak laugarren porrota jaso du, liga txapelketako laugarren jardunaldian. Nafarrei kosta egiten zaie arriskua sortzea, eta zailtasun horiek agerian geratu dira Alfonso Perez zelaian.
Lehen zatian, Getafe erasora atera da lehen segundotik eta 8. minuturako hiru korner atera dituzte madrildarrek.
Gorritxoei kosta egin zaie partidan sartzea eta galduta ibili dira lehen minutuetan. Hala ere, zortea alde izan dute eta Moyaren atera iritsi diren lehen aldian gola egin dute: Roberto Torresek egin du, jaurtiketa bortitz baten bidez 11. minutuan.
Osasuna aurretik izan arren, baloia madrildarrena zen, eta golaren kolpea gainditu ostean, erasora jo dute gogoz. Gauzak horrela, berdinketa atsedenaldirako 10 minuturen faltan heldu da. Pedro Leonek alboko sakea atera eta Mikuk baloia Andres Fernandezen atean sartu du.
Lehen 45 minutuak banako berdinketarekin amaitu dira.
Bigarren zatia
Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da, Getafe golaren bila aurrera eginez. Eta madrildarren kemenak saria izan du: Mikuk bigarrena egin du, nafarren arean jokaldi ederra egin ondoren.
Graciaren mutilek aurrera jo dute, beste erremediorik ez zuten, berdinketa lortzeko eta bigarrena sartzear izan dira partidaren azken minutuetan, baina Oriol Riveraren jaurtiketa indartsuak Getaferen ateko langan jo du.
Gauzak horrela, gorritxoak laugarrenez atera dira galtzaile ligan, eta sailkapeneko azken postuan dira, punturik gabe.
Fitxa teknikoa:
2- Getafe: Moyá; Valera, Alexis, Lisandro, Escudero; Míchel, Mosquera (Borja, min. 86); Pedro León, Lafita (Sarabia, min. 71), Diego Castro; Miku (Colunga, min. 76).
1- Osasuna: Andrés; Damiá, Arribas, Loties (Lolo, min. 72), Oier; Silva, Puñal (Onwu, min. 68); Cejudo, Armenteros, Roberto Torres; Oriol Riera.
Golak: 0-1, min. 11: Roberto Torres; 1-1, min. 35: Miku; 2-1, min. 51: Miku.