Itxi

Osasuna

0-3, Vila-realen aurka

Osasunak hirugarren porrota jarraian jaso du

A.B.

Talde gorritxoak 0-3 galdu du Vila-realen aurka. Perbetek sartu du 0-1ekoa, Aquinok egin du 0-2koa, eta Uchek utzi du partida erabakita, 0-3koa sartuta.

  • Perbet eta Andres Fernandez. Argazkia: EFE

    Perbetek Andres Fernandez gainditzea lortzen duen jokaldia. Argazkia: EFE

Osasunak hiru porrot jaso ditu hiru jardunalditan. Vila-realen aurka jokatu du larunbat honetan, eta 0-3 galdu dute gorritxoek Sadarren. Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak itxura nahiko kaskarra eman du.

Etxeko taldea gogotsu zelairatu da, eta Vila-real ezinean ibili da lehen minutuetan. Talde gorritxoak presio bortitza egin du, baina ez du abagune argirik sortu. Oriol Rierak saiakera pare bat egin ditu, eta Arribas ez da gutxigatik errematea egitera iritsi beste jokaldi batean. Pixkanaka, Vila-real Osasunaren presioa gainditzen hasi da, eta 18. minutuan lehen abagunea sortu du kanpoko taldeak. Pereirak jokaldi bikaina egin du, barruraino sartu da, Andres Fernandezi ere izkin egin, eta azken errematea guratzatuegi kanpora bidali du. Hurrengo jokaldian, ordea, Vila-realek ez du barkatu, eta gola sartu du (0-1). Andres Fernandezek erantzun ona eman dio Perbeti buruz burukoan, baina aldaratzea berriro aurrelariari iritsi zaio, eta ia angelurik gabe gola sartu du.

Gola jasota Osasuna ez da erreakzionatzeko gai izan. Etxeko taldeari min egin dio gola jasotzeak, eta gola sartu duen unetik Vila-real izan da nagusi. Ondorioz, bigarren gola ere sartu du talde bisitariak, 30. minutuan. Osasunak huts egin du defentsan, Pereirak bere abiadurarekin baloia berreskuratu du, eta atzetik etorrita Aquinok egin du errematea, 0-2koa sartzeko. Vila-realen aldeko bi goleko aldearekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren zatia lehenengoa baino kaskarragoa izan da. Erritmoa moteldu egin da, eta partida trabatuagoa izan da. Osasuna ezinean ibili da bigarren zatian. Gorritxoek nahi izan dute, baina ezin. Mendilibarrek zuzentzen duen taldea ez da abagune argirik sortzeko gai izan, eta Vila-realek gauza handiegirik egin gabe kontrolpean izan du norgehiagoka.

Eroso ibili da talde bisitaria Sadarren, eta hirugarren gola sartzea ere lortu du. 74. minutuan etorri da Vila-realen hirugarren gola (0-3). Giovani dos Santosek pase dotorea eman dio Ucheri, eta honek sare barrura bultzatu du baloia. Gol honek guztiz erabakita utzi du partida, eta hiru puntuak Vila-realek eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Oier, Loties, Arribas, Joan Oriol; Puñal, Silva (Damia, 46. min); Sisi, Armenteros (Ariel Nuñez, 73. min), De las Cuevas (Roberto Torres, 56. min); eta Oriol Riera.

3 - Vila-real: Sergio Asenjo; Mario, Musacchio, Dorado, Jaume Costa; Trigueros (Pina, 69. min), Bruno; Aquino, Jonathan Pereira (Uche, 7. min3), Cani; eta Perbet (Giovani dos Santos, 63. min).

Golak: 0-1, 22. min: Perbet. 0-2, 30. min: Aquino. 0-3, 75. min: Uche.

Epailea: Fernandez Borbalan.