Itxi

Osasuna

2013-2014 denboraldia

Osasunak sufrimendua ekiditeko helburuarekin hasiko du liga txapelketa

Erredakzioa

Nafarrek azken aurreko jardunaldira arte itxaron behar izan zuten iaz, lehen mailan jarraitzea bermatzeko. Ligan gol gutxien egin zuen taldea izan ziren, 38 partidetan 33 gol eginda.

  • Nafarrek denboraldi hasiera ona egin nahi dute. Efe.

    Nafarrek denboraldi hasiera ona egin nahi dute. Efe.

Osasunak iragan denboraldiko sufrimendua saihestu nahi du aurten eta helburu horrekin talde orekatuagoa osatu du. Baina iazko errendimendua hobetzeko, gorritxoek golak egiteko eta etxean partidak irabazteko dituzten arazoak gainditu beharko dituzte. Osasunak 14. urtea jarraian beteko du lehen mailan.

Jose Luis Mendilibar laugarren urtez jarraian izango da nafarren aulkian. Lehen mailako taldeetako entrenatzaileen artean, bizkaitarra da talde bereko aulkian denbora gehien daramana.

Aurreko denboraldian, gorritxoek azken aurreko jardunaldira arte sufritu zuten lehen mailan jarraitzea bermatzeko. Horrez gain, gol gutxien egin zituen taldea izan zen; 33 gol egin zituzten bakarrik 38 jardunaldietan. Dena den, aurkariei ere kosta egin zitzaien Andres Fernandez atezainaren atea zulatzea.

Fitxaketak

Osasunak bi aurrelari fitxatu ditu golarekin dituen arazoei aurre egiteko. Oriol Riera kataluniarra Alcorcon taldetik ekarri du, Rierak 18 gol egin zituen iaz. Ariel Nuñez paraguaiarra, berriz, Libertad de Asunción taldetik fitxatu du eta lehen aldiz arituko da Europako liga batean.

Halaber, nafarrek Jordan Loties atzelari frantziarra ekarri dute Nancy taldetik eta Joan Oriol ezker hegalekoa Vila-realetik. Horrez gain, beste talde batzuei utzitako Jon Echaide nafarra eta Eneko Satrustegui atzelari nafarrak berreskuratu ditu.

Zalantzak denboraldiaurrean

Osasunaren futbol zelaiak Sadar izena berreskuratu du denboraldi berriari begira, Foru Gobernuak Nafarroako Erresuma markaren izenean emandako babes ekonomikoaren kontratua bete ez duela ikusita.

Mendilibarren taldeak ez du irudi ona eman denboraldiaurreko partidetan, baina itxaropentsu daude eta iazko hasiera kaskarra ez errepikatzea dute helburu nagusi: lehen itzulia sailkapeneko azken postuan amaitu zuten, 15 punturekin.