Osasuna
0-0
Puntu banaketa, Osasunaren eta Realaren arteko euskal derbian
Erredakzioa
http://www.eitb.com/eu/kirolak/pilota/binakakoa/osoa/1320304/binakako-txapelketa-2013-finala--lau-finalisten-palmaresak/
-
Osasunak eta Realak golik gabe berdindu dute (0-0). Argazkia: EFE
Osasunak eta Realak golik gabe amaitu dute (0-0) Nafarroako Erresuman jokatu duten euskal derbia. Partida irekia eta parekatua izan da, baina bi taldeetako bat ere ez da aurkariaren atea zulatzeko gai izan.
Talde gorritxoa izan da baloiaren jabe, eta Realak kontraerasoan sortu du arriskua. Armenterosek izan du partidako lehen abagunea, baina bere falta jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik. Realak ere izan ditu gola sartzeko abaguneak. Txuri-urdinak gola sartzetik gertu egon dira 24. minutuan, baina Agirretxeren erremateak zutoina jo du, eta, jarraian, Xabi Prietoren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Andres Fernandez atezainak.
Bigarren zatiaren hasieran, jokaldi polemikoak egon dira. Realak penaltia eskatu du Flañok area barruan Iñigo Martinezi falta egin dion ustez, eta Osasunak ere eskatu du penaltia, 61. minutuan, ustez Iñigo Martinezek Kike Solari area barruan bultza egin diolako. Epaileak, ordea, ez du ezer adierazi.
Osasunak erasora jo du, partida osoan zehar bezala, baina Reala sendo ibili da defentsako lanean. Bi taldeek izan dituzte abaguneak bigarren zati honetan ere, baina inork ez du asmatu. Realak arriskua sortu du Andres Fernandezek babesten duen atearen inguruan, Xabi Prietoren eta Ifranen bitartez, eta Osasunak gola sartzeko aukera izan du, Gato Silvaren bitartez. Azkenean, ez da golik egon (0-0), eta puntu bana eskuratu du talde bakoitzak.
Fitxa teknikoa:
0 - Osasuna: Andres Fernandez; Oier, Arribas, Miguel Flaño, Nano; Raoul Loe, Silva (Puñal, 79. min); Cejudo (Masoud, 90. min), Armenteros, De las Cuevas (Nino, 74. min); eta Kike Sola.
0 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Mikel, Iñigo Martinez, Cadamuro; Markel Bergara, Elustondo (Chory Castro, 68. min), Xabi Prieto; Vela (Ifran, 82. min), Agirretxe eta Griezmann.
Epailea: Mateu Lahoz.