Itxi

Osasuna

Estatistika

Osasunari zortzi txartel gorri atera dizkiote, dagoeneko

Erredakzioa

Kaleratze gehien Bartzelonaren kontra izan dira, hiru guztira: Puñal, Arribas eta Mendilibar, alegia.

  • Bartzelonaren kontra jokatutako partidetan bota dituzte gorritxo gehien; hiru guztira.

    Bartzelonaren kontra jokatutako partidetan bota dituzte gorritxo gehien; hiru guztira.

Betisen kontra Francisco 'Gato' Silvaren kaleratzea kontuan hartuta, Osasunari zortzi txartel gorri atera dizkiote dagoeneko aurtengo denboraldian, Jose Luis Mendilibar entrenatzaileari Camp Nou zelaian ateratakoa barne.

Hain zuzen, gorritxo gehien Bartzelonaren kontra kaleratu dituzte, hiru guztira: Puñal, Arribas eta Mendilibar, alegia.

Partida amaitu baino lehen kaleratutako jokalariak honako hauek izan dira: Patxi Puñal, Alejandro Arribas (birritan), Joseba Llorente, Ruben Gonzalez, Emiliano Armenteros eta 'Gato' Silva. Hernandez Hernandez Kanarietako epailea izan da Osasunako bi jokalari kaleratu dituen bakarra: Arribas eta Silva.

Lehen txartel gorria Bartzelonaren aurkako lehen partidan jaso zuen Osasunak; Muñiz Fernandezek atera zion Patxi Puñal kapitainari irain egiteagatik. Ondoren, ñlau partidako zigorraldia jarri zioten gorritxoen kapitainari.

Bigarren kaleratzea hurrengo jardunaldian gertatu zen, Celtaren kontra 2 eta 0 galdutako partidan. Epailea Hernandez Hernandez izan zen eta Alejandro Arribas kalera bota zuen 82. minutuan, bigarren txartel horia aterata.

Astebete geroago, Osasuna Mallorka norgehiagokan (1-1), Ayza Gamezek txartel gorria atera zien zuzenean Joseba Llorente aurrelariari eta Nunes atzelariari, elkarri eraso egiteagatik.

Laugarren txartel gorria Osasuna-Valladolid neurketan iritsi zen (0-1); Perez Monterok bigarren txartel horia atera zion Ruben Gonzalez atzelariari.

Bosgarren txartel gorria Emiliano Armenterosi atera zioten Getaferen kontrako partidan (1-1) arerio bati sarrera gogorra egiteagatik. Epailea Jose Antonio Teixeira Vitienes zen.

Mendilibarri ere, gorria

Hurrengo bi txartel gorriak Camp Noun atera zizkieten. Alejandro Arribasi atera zioten lehenengoa, bi txartel hori ikusi ondoren, eta bigarrena Mendilibar gorritxoen entrenatzaileari atera zioten, Arribasen kaleratzeagatik protesta egiten aritu zelako.

Azken txartel gorria ostiralean atera zieten nafarrei, Francisco Silvak ikusi zuen Betisen aurkako partidan, Hernandez Hernandez epaile lanetan zela.