Itxi

Osasuna

Kopako final-zortzirenak

Osasunak ezin izan du kanporaketa irauli Mestallan

Erredakzioa

Valentziak 2-1 irabazi dio talde gorritxoari. Mendilibarrek jokatzen duen taldeak ondo jokatu du, baina Kopatik at geratu da. Joaneko partida ere Valentziak irazai zuen (0-2).

  • Valentzia-Osasuna. Argazkia: EFE

    Valentziak 2-1 irabazi dio Osasunari Mestallan. Argazkia: EFE

Osasuna Errege Kopatik at geratu da. Final-zortzirenetan, talde gorritxoa txapelketatik kanporatu du Valentziak. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak 2-1 irabazi dio Osasunari itzulerako partidan, eta joanekoan 0-2 irabazi zion. Horrenbestez, final-laurdenetarako sailkapena lortu du Valentziak.

Partidako lehen minutuetan ez zen abagunerik egon. Asko kosta zitzaien bi taldeei aurkariaren ate ingurura arriskuarekin iristea. Norgehiagokako lehen abagunea Valentziak izan zuen, hamaseigarren minutuan. Bernatek baloia loratu nahi izan zuen area barruan, baina bere errematea kanpora joan zen. Osasunaren erantzuna, 30. minutuan etorri zen. Joseba Llorentek errematea egin zuen, aldaratzea Lolori iristi zitzaion, eta honen jaurtiketa langa gainetik kanpora joan zen.

Partidari abaguneak eta golak falta zitzaizkion, eta lehen zatiko azken minutuetan etorri ziren. 33. minutuan Tino Costak faltaz sartu zuen 1-0ekoa. Osasunari zuena baino zailago jokatu zitzaion kanporaketa, baina hiru minutu geroago Joseba Llorentek partida berdindu zuen (1-1). Llorentek area barruan hartu zuen baloia, pixka bat aldendu zen, eta area kanpotik bikain gurutzatu zuen jaurtiketa. Lehen zatia bana (1-1) bukatu zen.

Bigarren zatia biziagoa izan zen, eta bi taldeek abagune gehiago izan zituzten. Osasunak bi abagune sortu zituen hasierako minutuetan. 47. minutuan Rami gola bere atean sartzekotan egon zen, baina Guaitak baloia sare barrura iristea eragotzi zuen. Hurrengo jokaldian Joseba Llorenteren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Valentziaren erantzuna jarraian etorri zen, eta etxeko taldeak beste bi abagune izan zituen. Echaidek baloia Valentziako aurrelariari egoera ezin hobean iristea eragotzi zuen, eta, ondoren, Cissokhok ez zuen errematea behar bezala egitea lortu.

Osasunak bigarren gola lortu nahi zuen, sailkapena emango ziokeen hirugarren goletik gertaugo egoteko. 58. minutuan Joseba Llorentek abagune paregabea izan zuen, baina Guaitak erantzun bikaina eman zion aurrelari gorritxoaren erremateari. Bestalde, Valentziak kanporaketa erabakita uzteko aukera izan du 76. minutuan. Andres Fernandezek, ordea, erantzun bikaina eman zion Soldadori buruz burukoan.

Azken minutuetan Osasunak aurretik egindako esfortsua igarri zuen, eta Valentzia nagusi izan zen partidaren azken txanpan. Abagune argiak huts egin zituen Valverdek zuzentzen duen taldeak. Azken jokaldian, ordea, Soldado azaldu zen Valentziari garaipena emateko (2-1).

 

Fitxa teknikoa:

2 - Valentzia: Guaita, Barragan, Rami, Víctor Ruiz, Cissokho, Albelda, Tino Costa, Bernat (Guardado, 88. min), Jonas, Jonathan Viera (Banega, 57. min) eta Valdez (Soldado, 66. min).

1 - Osasuna: Andres Fernandez, Echaide, Ruben (Miguel Flaño, 68. min), Arribas, Nano, Lolo, Timor, Cejudo (Omwu, 73. min), Oier (Puñal, 63. min), Lamah eta Llorente.

Golak: 1-0, 34. min: Tino Costa. 1-1, 37. min: Llorente. 2-1, 90. min: Soldado.

Epailea: Velasco Carballo.