Itxi

Osasuna

Sevilla-Osasuna (1-0)

Osasunak kolpe latza hartu du azken minutuetan

Erredakzioa

Lehen zati ona jokatu eta gero, atsedenaldiaren ostean Osasunak atzerapausoa eman eta garesti ordaindu du. Sevillaren golean Reyes jokoz kanpo zegoen eta epaileak baliorik gabe utzi behar izan du.

  • Kike Sola Faziorekin borrokan. Argazkia: EFE

    Kike Sola Faziorekin borrokan. Argazkia: EFE

Osasunak porrot egin du Sanchez Pizjuan futbol-zelaian Sevillaren aurka (1-0). Nafarroako taldeak lehen zati ona jokatu du, baina ez du saririk lortu. Bigarren zatian gorritxoek atzerapausoa eman dute eta Sevillak gola lortu du, baina jokaldia baliorik gabe utzi behar izan du epaileak, Reyes jokoz kanpo zegoelako.

Osasunak Sevillak baino hobeto jokatu du lehen zatian. Hala ere, talde nafarrak ez du aukera ugari sortu. Abagune argiena Armenterosek izan du, baina bere jaurtiketa kornerrera desbideratu du Diego Lopez atezainak.

Jose Luis Mendilibarren mutilak ongi berdeguneratu dira eta une oro ikaragarri sakatu dute, Sevillako jokalariei eroso jokatzen ez uzteko. Horrela, Andalauziako taldeak ez du eroso jokatu eta gorritxoak arerioaren areara hurbildu dira behin eta berriro.

Osasunak Sachez Pizjuan futbol-zelaiko zaleen pazientzia agortu du eta jarraitzaileek etxeko taldeari txistu egin diote. Hala ere, Negredok Sevilla aurreratzeko aukera izan du, baina aurrelariak ez du asmatu.

Atsedenaldiaren ostean Sevillak aurrepausoa eman du, Osasunak, ostera, atzerapausoa. Horrela, Andaluziako taldeak aukerak sortu ditu. Abagunerik argiena Jesus Navasek izan du, baina bere jaurtiketa zutoinean jo du.

Sevillak saria topatu du norgehiagokaren amaieran. Faziok baloia zutoinera bidali du buruz, eta jarraian Michelen jokalariek asmatu egin dute Spahicen bitartez. Gorritxoek Reyesen jokoz kanpokoa eskatu dute. Hegalekoak goleatzaileari pasea eman dio.

Fitxa teknikoa:

Sevilla: Diego Lopez; Cicinho, Fazio, Spahic, Fernando Navarro; Medel, Kondogbia (Perotti, 68. minutua); Jesus Navas, Rakitic (Hervas, 91. minutua), Reyes (Maduro, 85. minutua); eta Negredo.

Osasuna: Andrés Fernandez; Marc Bertran, Ruben Gonzalez, Flaño, Damia (Nano, 77. minutua); Cejudo (Lamah, 71. minutua), Puñal, Oier, Armenteros (Llorente, 86. minutua); Nino eta Kike Sola.

Gola: 1-0, 83. minutua: Spahic.