Osasuna
Final-zortzirenak, joanekoa
Valentziak bideratuta utzi du Osasunaren aurkako kanporaketa
Erredakzioa
Valverdek zuzentzen duen taldeak 0-2 irabazi dio talde gorritxoari Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida. Parejok sartu du 0-1ekoa, eta Soldadok sartu du bigarren gola, azken minutuan.
-
Parejok 0-1ekoa sartu duen unea. Argazkia: EFE
Osasunak 0-2 galdu du Valentziaren aurka, eta maldan gora jarri zaio Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketa. Larunbatean Valentziak 0-1 irabazi zion Osasunari BBVA Ligako partidan.
Kopan ateratako hamaikakoek ez zuten Ligan ateratakoen antz handirik izan. Aldaketa asko egon ziren hamaikakoetan. Osasuna izan zen baloiaren jabe lehen zatian, baina Mendilibarrek zuzentzen duen taldeari abaguneak sortzea kosta zitzaion. Valentziak ez zuen gauza handirik egin lehen zatian. Valverdek zuzentzen dituen mutilak taktikoki ondo egotea zuten helburu lehen 45 minutuetan.
Lehen zatian ez zen ia abagunerik egon. Norgehiagokako 29. minutuan jokaldi polemikoa eman zen. Osasunako jokalariek eta zaleek penaltia eskatu zuten, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Ricardo Costak eskuarekin moztu zuen baloia area barruan, penaltia argia zen, baina adierazi gabe geratu zen. Valentziak abagune bakarra izan zuen lehen zatian. 36. minutuan Banegak pase bikaina eman zion Jonasi, baina Asier Riesgok erantzun ona eman zion Valentziako aurrelariaren erremateari. Horrenbestez, golik gabe bukatu zen lehen zatia (0-0).
Bigarren zatia hasi eta jarraian etorri zen Valentziaren gola. Dani Parejok sartu zuen 0-1ekoa, faltaz. Baloia hesiaren gainetik loratu zuen, eta Asier Riesgok ezin izan zuen gola eragotzi.
Gola hartu, eta jota geratu zen Osasuna. Valentzia ere ez zen bigarren golaren bila joan, baina Valverdek zuzentzen duen taldeak arrisku sentsazioa sortzen zuen kontraerasora ateratzen zen bakoitzean. 73. minutuan esnatu zen Osasuna Ninok area kanpotik egindako jaurtiketa on bati esker, baina Diego Alves atezainak eranztun ona eman zion. Hurrengo jokaldian Annanek izan zuen abagunea jokaldi on bati amaiera emanez, baina bere jaurtiketa Alvesek harrapatu zuen.
Osasuna berdinketaren bila ari zen, eta 90. minutuan abagune bikoitza izan zuen. Alves atezainak erantzun bikaina eman zion Loloren erremateari, eta hurrengo jokaldian Ninoren boleakada, gutxigatik kanpora joan zen. Bazirudien partida Valentziaren aldeko 0-1eko emaitzarekin bukatuko zela, baina 93. minutuan Soldadok 0-2koa sartu zuen area barruan solte geratu zen baloia sare barrura bidalita.
Fitxa teknikoa:
0 - Osasuna: Riesgo, Marc Bertran, Lolo, Ruben, Echaide (Damia, 60. min). Timor, Annan, Nano (Nino, 68. min), Torres, Cejudo eta Manuel Onwu (Lamah, 76. min).
2 - Valentzia: Diego Alves, Barragan, Rami, Ricardo Costa, Cissokho. Albelda, Dani Parejo. Feghouli (Guardado, 83. min), Banega, Jonathan Viera (Bernat, 64. min) eta Jonas (Soldado, 76. min).
Golak: 0-1, 46. min: Dani Parejo. 0-2, 93. min: Soldado.
Epailea: Perez Lasa.