Itxi

Osasuna

0-1, Iruñean

Soldadok ez du barkatu Osasunaren aurka

Erredakzioa

Jose Luis Mendilibarren mutilek 0-1 galdu dute Ernesto Valverdek zuzendutako Valentziaren aurka. Soldadok 56. minutuan lortu du gola, eta gorritxoek ezin izan dute erantzun.

  • Soldado Osasunaren aurka. Argazkia: EFE

    Soldado Osasunaren aurka. Argazkia: EFE

Iruñeko taldeak 0-1 galdu du Valentziaren aurka BBVA Ligako 15. jardunaldian. Roberto Soldado Osasunako jokalari ohiak lortu du 0-1ekoa bigarren zatiko 11. minutuan, eta Mendilibarren taldeak ezin izan du markagailua irauli.

Osasunak ezin izan du partidako aurreneko minutuetan arriskurik sortu, baina pixkanaka Jose Luis Mendilibarren mutilek neurketaren kontrola eskuratu dute. Ernesto Valverderen taldeak gutxirekin arrisku handia sortu du, baina partidako lehenengo abagune argia gorritxoena izan da. Lamahek jaurtiketa gogorra egin du, baina belgikarraren saiakera zutoin ondotik kanpora joan da (20. minutua).

Lehenenego zatiko azkenengo minutuetan partida nahastu egin da, eta berdegunean oreka izan da nagusi. Hala ere, Soldadok eta Tino Costak gola lortzeko bi abagune izan dituzte. Aurrelariaren jaurtiketa gora joan da desbideratuta eta argentinarraren saiakera gutxigatik joan da kanpora. Atsedenaldian, 0-0ekoak jarraitu du Nafarroako Erresumako markagailuan.

Atsedenaldiaren ostean, Arribasek gorritxoen gola lortzeko abagune bikaina izan du, baina Guardadok baloia ate azpitik atera du. Jarraian, kontraerasoan, Soldadok 0-1ekoa jarri du Nafarroako Erresumako markagailuan (56. minutua). Osasunak erantzuna eman nahi izan du, baina Oierren errematea langa gainetik kanpora joan da.

Valentziako taldeak partida errazago kontrolatu du 0-1ekoaren ondoren, eta Iruñeko taldeak ezin izan du arrisku handirik sortu. Lamahek aukera ona izan du, 78. minutuan, baina Diego Alvesek ederki desbideratu du baloia. Gorriek ezin izan dute berdintzea lortu, eta Ernesto Valverdek garaipenarekin egin du debuta.

- Fitxa teknikoa:

0 - CA Osasuna: Andres Fernandez, Damia, Flaño (Lolo, 45. minutua), Arribas, Echaide (Cejudo, 60. minutua), Oier Sanjurjo, Raoul Loe, Puñal, Lamah, Armenteros eta Llorente (Manuel Onwu, 68. minutua).

1 - Valentzia CF: Diego Alves, Rami, Barragan, Guardado, Ricardo Costa, Tino Costa, Ever Banega (Gago 77. minutua, Dani Parejo 83. minutua), Albelda, Piatti (Jonathan Viera 60. minutua), Feghouli eta Soldado.

Gola: 0-1, 55. minutua: Soldado.