Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

FINAL-LAURDENAK

Espainiak Herbehereetako selekzioa kanporatu du luzapenean, eta finalerdietara sailkatu da (2-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Irene Paredes eta Oihane Hernandez, Espainiako selekzioan, zein Damaris Egurrola, Herbeheretakoan, titular gisa aritu dira.

  • Paredes, Hernandez (Espainia) eta Egurrola (Herbehereak), baloi baten lehian. Argazkia: EFE

    Paredes, Hernandez (Espainia) eta Egurrola (Herbehereak), baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Espainiako selekzioak, Irene Paredes eta Oihane Hernandez euskal jokalariak hasierako hamaikakoan zirela, 2-1 irabazi dio ostiral honetan Herbehereetako selekzioari, luzapenean. Damaris Egurrola bizkaitarrak herbeheretarren hasierako hamaikakoan jardun du, Australiako eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketako final-laurdenetako lehia ederrean.

Hitzorduaren garrantzia aintzat hartuta, Jorge Vildak zuzentzen duen taldeak ondo ekin dio lehiari, eta bereak izan dira neurketa hasierako abagune onenak. Hala, Esther Gonzalezek aukera oso argia izan du partidako 4. minutuan, baina ez du asmatu Van Domselaar atezainaren aurrean baloia sareetara bidaltzen, kontrol txarra egin baitu Jenni Hermosorekin hormarena bikain egin ondoren.

Egungo munduko txapeldunordeak, bere aldetik, ez dio neurketari espero bezain ondo heldu, eta zutoinak izan ditu bidelagun emaitzari hutsean eusteko lehen zatian. Izan ere, 17 minutuan, Alba Redondo aurrelariak bi aldiz bidali du baloia Herbehereetako taldearen ezker zutoinera, lehendabizi buruz (atezainaren gelditua tarteko), eta, gero, oinarekin.

Herbeheretarrek joko zuzenaren aldeko apustua egin dute, hein handi batean Espainiaren presio ona saihesteko. Alabaina, lehen zatiko azken txanpan ere, espainiarren nagusitasuna agerikoa izan da. Horren adierazle Esther Gonzalezek erdietsitako gola. Ona Batllek jokaldi bikaina egin du ezker hegaletik, haren erdiraketa Alba Redondok ukitu du Esther Gonzalezi pasea emateko, eta hark sareetara bultzatu du baloia. Epaileak, baina, baliogabetu egin du, VARak adierazita, Espainiako aurrelaria apur bat aurreratuta baitzegoen azken errematean egin duenean.

Aldageletatik bueltan, norgehiagokaren norabidea ez da gehiegi aldatu; hori bai, egungo munduko txapeldunordeak ez du horrenbesteko estutasunik jasan, nahiz eta Espainia ondo hasi den berriro, oso gutxigatik kanpora joan den Esther Gonzalezen jaurtiketa zorrotzarekin. Espainiarrek hurbilketa arriskutsuak egiten jarraitu dute, baina eraginkortasun falta erakutsi dute.

Horren aurrean, Herbehereetako selekzioak neurketari bizirik eutsi dio, eta tarteka Espainiako selekzioak bere erasoetan uzten zituen espazioak aprobetxatzen jakin du. Horrela, 61. minutuan, Vildaren selekzioaren aurkako penaltia heldu da, Stephanie Frappart epaileak VARa ikuskatu ondoren bertan behera utzi duen arren. Dena den, horrek zalantzak eragin ditu Espainiako selekzioko kideengan.

Egoera horri aurre egiteko, Vildak lehiako aldaketa erabakigarrienetakoa egin du Alba Redondoren ordez Salma Paralluelo zelairatuta. Zaragozako aurrelariak taldearen erasoa biziberritu du, eta bere erdiraketa batek eragin du Van der Gragtek eskuz egindako penaltia, VARaren aginduz adierazitakoa. Mariona Caldenteyk aukera baliatu da gola egiteko (1-0).

Markagailua alde zuela, Vildaren selekzioari urduritasunak sortu zaizkio, eta ordura arte emandakoak baino erraztasun gehiago eman dizkio aurkariari. Horrela, luzapeneko lehen minutuan, herbeheretarrei saria iritsi zaie, ordurako aurrelari gisa ari zen Van der Gragt atzelariari esker. Izan ere, Espainiaren golean egindako akatsa zuzendu du neurketa luzapenera bidaltzeko.

Denbora osagarrian, Espainiak sufritu egin du, nahiz eta Vildak Olga Carmona, Alexia Putellas eta Eva Navarro zelairatu dituen irtenbideak bilatzeko. Herbeheretarrek orduan izan dituzte aukerarik argienak, baina lehendabizikoan Ivana Andres atzelaria azaldu da arriskua usatzeko, eta beste bietan Beerensteyn aurrelariaria ez da finegi ibili.

Handik gutxira, berriz, espainiarrak hobeto ibili dira. Salma Paralluelok, bere abiadura aprobetxatuz, Jenni Hermosok sakonean bidalitako baloia baliatu du 2 eta 1ekoa erdietsi eta bere selekzioari finalerdietarako sailkapena emateko.

Horrenbestez, Espainiak Suediarekin neurtuko ditu indarrak finalerdietan, abuztuaren 15ean, suediarrek 1-2ko emaitzarekin kanporatu baitute Japonia.

Azpimarratzekoa da Oihane Hernandez sopeloztarrak txapelketako bere bigarren txartel horia ikusi duela final-laurdenetako neurketan; beraz, ezingo du finalerdietako kanporaketan parte hartu. Era berean, Damaris Egurrolak 96. minutuan utzi behar izan du neurketa, arazo fisikoren bat tarteko.

Fitxa teknikoa:

2 - Espainia: Cata Coll; Oihane Hernández (Olga Carmona, 91. min), Irene Paredes, Laia Codina (Ivana Andrés, 77. min), Ona Batlle; Teresa Abelleira, Aitana Bonmatí (Irene Guerrero, 88. min), Jennifer Hermoso; Alba Redondo (Salma Paralluelo, 71. min), Mariona Caldentey (Alexia Putellas, 100. min), Esther González (Eva Navarro, 100. min).

Hautatzailea: Jorge Vilda.

1 - Herbehereak: Daphne Van Domselaar; Stefanie Van Der Gragt, Sherida Spitse (Katjia Snoeijs, 85. min), Dominique Janssen; Jill Roord, Damaris Egurrola (Caitlin Dijkstra, 96. min), Jackie Groenen, Victoria Pelova, Esmee Brugts (Aniek Nouwen, 89. min); Lineth Beerensteyn, Lieke Martens.

Hautatzailea: Andries Jonker.

Golak: 1-0, 81. min: Mariona Caldentey. 1-1, 90+1. min: Stefanie van der Gragt. 2-1, 111. min, Salma Paralluelo.

Epailea: Stéphanie Frappart (Frantzia). Txartel horiak: Oihane Hernández eta Irene Paredes (Espainia); Damaris Egurrola (Herbehereak).