Munduko futbol txapelketapelketa
MULTZOEN FASEA
Jamaikak eta Frantziak Munduko Txapelketatik kanpo utzi dute Brasil
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Karibeko selekzioak bere historian lehen aldiz lortu du final-zortzirenetara sailkatzea.
-
Jamaica, clasificada por primera vez para octavos. Foto: EFE
Jamaikak ezustekoa eman du asteazken honetan Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan, Brasilen aurka golik gabe berdinduta, F multzoko hirugarren jardunaldian. Hala, karibetarrek final-zortzirenetara sailkatzea lortu dute bere historian lehen aldiz. Emaitza horrek multzoen fasetik kanpo utzi du Brasil (1995etik ez da halakorik gertatu).
Brasilek ezin izan dio markagailuan aurrea hartu Jamaikako selekzioari, nahiz eta lehen zatian hamaika erremate egin dituen, horietatik sei ate barrura. Aitzitik, brasildarrek Spencer seguru bat aurkitu dute atepean, eta, besteak beste, bi gelditu bikain egin dizkio Tamiresi, bi gol-aukera argi ezerezean uzteko.
Bigarren zatian, neurketak ildo beretik jarraitu du. Hala, Spencerrek hutsean eutsi dio markagailuari. Bera izan da bere taldearen sostengua, Jamaikako atezainak ez baitu golik jaso multzoen fase osoan.
Azken minutuetan, Jamaikak sufritu egin du, Brasil eraso bizian aritu baita. Azken kornerrean, atezain brasildarra ere igo da errematatzera, baina Spencerrek Debinharen burukada harrapatu du, eta horrela sailkatu da bere selekzioa.
Frantziak asmatu egin du ate aurrean
Vicki Becho frantziarra, bere selekzioaren goletako baten egilea. Argazkia: EFE
Bestalde, Frantziako selekzioa galtzen hasi da Panamaren aurka, Marta Coxek bigarren minutuan gol bikaina sartu baitu; haatik, lehen zatian lau gol sartu dizkie panamarrei, haien itxaropen guztiak zapuzteko. Azkenerako, 3-6ko emaitzarekin amaitu da norgehiagoka.
Frantziarrek Maëlle Lakrar (21. min), Kadidiatou Diani (28. min eta 37. min, penaltiz) eta Léa Le Garrec (45. min) izan ditu golegile lehen zatian Coxen gol goiztiarra jaso ostean markagailua iraultzeko.
Atsedenaldiaren ostean, Frantziak bosgarrena sartu du, Kadidiatou Dianik hamaika metroko puntutik bere hirugarren gola eginda. Yenith Bailey atezain panamarrak aurrelari frantziarraren asmoak igarri ditu, baina bere jaurtiketa zutoinera itsatsirik joan da, eta atezainak ezin izan du gelditu.
Panamak emaitza itxuratu du Yomira Pinzonek penaltiz (64. min) eta Lineth Cedeñok (87. min) sartutako golei esker. Neurketa 104. minutura arte luzatu da, eta Vicki Becho frantziarrak horixe probestu du bere taldearen seigarrena egiteko (100. min).
Jamaikak eta Frantziak ostegun honetan ezagutuko dituzte final-zortzirenetako aurkariak.