Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

QATAR 2022

Bonoren penalti geldiketek Maroko sailkatu dute Espainiaren aurka

B. L. G. | EITB MEDIA

Partida hutsean amaitu da, baita luzapena ere eta txapelketako bigarren penalti jaurtiketari aurre egin behar izan diote Marokoko eta Espainiako selekzioek. Sevillako atezainak lau jaurtiketatik hiru gelditu ditu, besteak zutoina jo du.

  • Bono Sergio Busquetsi penaltia gelditzen

    Bono, Sergio Busquetsi penaltia gelditzen. Argazkia: EFE

Marokoko Selekzioak Espainiakoa garaitu du penalti jaurtiketetan erabaki den Qatarko Munduko Txapelketako final-zortzirenetako lehia. Arauzko denbora eta luzapena golik gabe bukatu ostean (0-0). Kanporaketa penaltietan erabaki da, Sevillako atezaina den Bono izan da espainiarren borrero; izan ere, lau penaltietatik hiru gelditu ditu. Unai Simonek, berriz, bakarra.

Espainiako Selekzioak, bere ezaugarri nagusia den baloi jabetza mantenduz ekin dio partidari. Hala ere, jakina den bezala, jabetzak ez du golik ematen eta Atlaseko Lehoiek bikain itxi dituzte bideak. Gauzak horrela, Luis Enriquek zuzendutako taldeak aukera gutxi izan ditu. Argiena Marco Asensiok izan du 27. minutuan: Jordi Albak pasea eman eta aurrelariak atearen alboari jo dio. Marokoarrek ere izan dute gola egiteko aukerarik, Mazraouiren jaurtiketa bat gelditu du Unai Simonek 32. minutuan eta Aguerdek kanpora bidali du baloia aukera argi batean.

Bigarren zatian Espainiako Selekzioak baloiaren jabetza are gehiago mantendu du baina Walid Regraguik zuzendutako mutilek oraindik eta atzerago eta itxiago itxaron dituzte Luis Enriquerenak eta hauek ez dira aukerarik sortzeko gai izan. 10 minuturen faltan luzapena gertu zegoela ikus zitekeen: espainiarrak aukera argirik izan gabe eta marokoarrak, egindako lan defentsiboaren nekeak jota, emaitzari eusten ari ziren.

Luzapenean ere nahi eta ezina izan da nagusi. Marokok, baina, 90 minutuak amaitzear zirela egindako aldaketei esker freskoago sartu da. Horren adibide izan da Cheddirak (nahiz eta jokoz kanpo egon) izan duen aukera: bakarkako lasterketa bat egin eta Unai Simonen aurrean geratu da bakar-bakarrik. Ez da aurrelari marokoarraren aukera bakarra izan. Luzapeneko lehen zatia amaitzear zela Simonek oinarekin atera baitio partidako aukera argienetako bat izan dena.

Bigarren zatira denak emanda iritsi dira bi taldeak. Marokok biziki itxita jarraitzen zuen eta ez zuen hutsunerik uzten. Minutuek mantso egin dute aurrera eta penaltietan pentsatzen hasi dira bi taldeak. Luis Enriquek 119. Minutuan Nico Williams (bigarren zatian zelairatu da) eseri du Sarabia jokatzen jartzeko. Erabakia penaltiei begira hartutakoa izan da, baina partidako azken aukera Eder Sarabiak izan du. Luzapena amaitzear zela korner bat atera du Espainiako Selekzioak eta aldaratzea jaso du PSGko jokalariak. Ia angelurik gabe jaurti eta zutoinean jo du, jokaldi horrekin amaitu da partida.

Penaltietan izen bakarra egon da: Bono. Sevillako atezainak lehen jaurtiketa izan ezik, beste hirurak geratu ditu. Sarabiak, penaltia jaurtitzeko zelairatu denak, zutoinari jo dio. Marokok, betalde, jaurtiketa bakarra hutsegin du: Unai Simonek Benouni gelditu dio penaltia.

Honenbestez, Espainia Munduko Txapelketatik kanpo geratu da eta Marokok Portugalen edo Suitzaren aurka jokatuko du final-laurdenetan.

Fitxa teknikoa:

0 - Espainia: Unai Simon; Marcos Llorente, Laporte, Rodri, Jordi Alba (Balde, 98. min); Busquets, Pedri, Gavi (Carlos Soler, 63. min); Ferran Torres (Nico Williams, 75. min (Sarabia, 118. min)), Marco Asensio (Morata, 63. min) eta Dani Olmo (Ansu Fati, 98. min).

0 - Maroko: Bono; Achraf Hakimi, Aguerd (El Yamiq, 84. min), Romain Saiss, Nasser Mazraoui (Attiat-Allai, 82. min); Amrabat, Ounahi (Benoun, 120. min), Amallah (Cheddira, 82. min); Ziyech, Sofiane Boufal (Ez Abde, 66. min) eta En Nesyri (Sabiri, 82. min).

Penaltiak: 1-0, Sabiri. 1-0, Sarabia zutoinera. 2-0, Ziyech. 2-0, Solerrek huts egin du. 2-0, Benounek huts egin du. 2-0, Busquetsek huts egin du. 3-0, Hakimi.

Epailea: Fernando Rapallini (Argentina). Txartel horiak: Saiss (Maroko, 89) eta Laporte (Espainia, 76).