Munduko futbol txapelketapelketa
QATAR 2022
Herbehereak, final-laurdenetara Estatu Batuak garaituta (3-1)
A. B. R | EITB MEDIA
Depay, Blind eta Dumfriesen golek garaipena eman diote Herbeherei Ameriketako Estatu Batuen aurka. Van Gaalek zuzentzen duen taldeak ederki baliatu ditu defentsa estatubatuarraren hutsak.
-
Herbehereak gola ospatuz. Argazkia: EFE
Herbehereetako selekzioak Ameriketako Estatu Batuetakoa (AEB) gainditu du Munduko Txapelketako final-zortzirenetan (3-1). Depay, Blind eta Dumfriesek sartu dituzte golak herbeheretarrentzat, Wrightek amerikarrentzat. Estatubatuarren defentsaren hutsak ederki baliatu ditu Van Gaalek zuzentzen duen taldeak final-laurdenetarako txartela lortzeko.
Estatubatuarrak erasokor atera dira, eta 2. minutuan lehen abagune argia izan dute: Tyler Adamsen pasea Pulisici heldu zaio, aurrelariak jaurtiketa egin du, baina Noopert atezainak bikain erantzun dio.
10. minutuan, herbeheretarrek jositako lehen jokaldian iritsi da neurketako estreinako gola: Dumfries eskuin hegaleko jokalariak, erdiraketa egin, eta Depayk gola sartu du, erremate gurutzatu batekin (1-0).
Golak lasaitasuna eta sendotasuna eman dio Herbeheretako taldeari. Estatu Batuetako selekzioa, aldiz, itzali egin da erasoan. Amerikarrek izan duten aukera bakarra 42 minutuan iritsi da: Weahk area ertzean aldaratzea jaso, eta jaurtiketa bortitza atera du, baina Noopert atezainak geldiketa ona egin du.
Lehen zatiko luzapenean, ordea, herbeheretarrek bigarrena sartu dute: Dumfriesek erdiraketa egin du penalti puntura, eta Blindek ate barrura bidali du baloia (2-0). Horrela iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.
Bigarren zatia bizi hasi da. Estatu Batuak erasora atera da aldeak murriztu nahian, baina herbeheretarren kontraerasoak min handia egin diote. Horrela, Memphis Depayk abagunea izan du 50. minutuan: Dumfriesen erdiraketa Depayk errematatu du, baina Turner atezainak gelditu du jaurtiketa.
74. minutuan Depayk aukera paregabea oparitu die estatubatuarrei, pase kaskarra eman, eta baloia Wrighti iritsi baitzaio area barnean, nahiz eta, azkenean, AEBko aurrelariak alferrik galdu duen abagunea. Hurrengo minutuan, ordea, asmatu egin du aurrelari estatubatuarrak, Pulisicek eskuinetik egindako erdiraketa erematatu eta baloia ate barrura sartuta (2-1).
Wrighten golak markagailua estutu du, baina emozioak ez du askorik iraun, 81. minutuan Dumfriesek lehia erabakita utzi baitu, eskuin oinarekin egindako jaurtiketarekin Turner gaindituta (3-1), Blinden erdiraketa jaso ostean.
Amaieran, herbeheretarrek lortu dute garaipena eta final-laurdenetarako txartela.
Fitxa teknikoa:
3 - Herbehereak: Andries Noppert, Jurrien Timber, Virgil Van Dijk, Nathan Aké (Weghorst, 94.min); Davy Klaasen (Koopmeiners, 46.min), Marten De Roon (Berswijn, 46.min) Frenkie De Jong; Daley Blind, Denzel Dumfries; Memphis Depay (Simons, 82.min) eta Cody Gakpo (De Ligt, 94.min).
1 - Estatu Batuak: Matt Turner; Sergiño Dest (Yedlin, 75.min), Walter Zimmerman, Tim Ream, Antonee Robinson (Morris, 92.min); Weston McKennie (Wright, 67.min), Tyler Adams, Yunus Musah; Tim Weah (Aaronson, 67.min), Jesús Ferreira (Reyna, 46.min) eta Christian Pulisic.
Golak: 1-0, 10.min: Depay. 2-0, 46+.min. Blind. 2-1, 76.min: Wright. 3-1, 81.min Dumfries.
Epailea: Wilton Sampaio (Brasil). Txartel horiak:Koopmeiners (60.min) eta De Jong (87.min)