Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

QATAR 2022

Kamerunek eta Serbiak berdindu egin dute neurketa zoro batean (3-3)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Puntu banarekin geratu dira selekzio biak sailkapenean, baina bizirik helduko dira multzoen faseko azken jardunaldira.

  • Serbia eta Kamerungo jokalariak 2022ko Qatarko Munduko Txapelketan

    Serbia eta Kamerungo jokalariak 2022ko Qatarko Munduko Txapelketan. Argazkia: EFE

Kamerunek eta Serbiak puntu bana eskuratu dute G multzoko bigarren jardunaldiari zegokion elkarren arteko norgehiagokan, hiruan berdindu ostean (3-3). Hala, puntu banarekin geratu dira selekzio biak sailkapenean, nahiz eta bizirik helduko diren multzoen faseko azken jardunaldira.

Kamerungo selekzioak berritasun handiarekin ekin dio lehiari; izan ere, titular gisa jokatu ohi duen Andre Onana atezainak selekzioa utzi du, hautatzailearekin tirabira bat izan eta gero. Dena dela, afrikarrek hasieratik sinetsi dute garaipenean, eta 29. minutuan iritsi zaie saria. Kundek kornerra atera du ezker hegaletik, N 'Koulouk baloia orraztu du lehen zutoinean, eta, bigarrenean, Jean-Charles Castelletto erdiko atzelaria azaldu da, baloia sareetara bultzatzeko.

Ordura arte kamerundarrek ondo eutsi diote Serbiaren erasoei. Mitrovicek bi aukera on izan ditu,: lehendabizi, zutoinera bidali du eta, gerora, kanpora bidali du baloia, area barruan bakarrik errematatu duenean. Alabaina, lehen zatiko luzapena zorigaiztokoa izan da "lehoi menderaezinentzat". Geldikako jokaldi batean, Tadicek ezin hobeto jarri du baloia area barruan, eta Strahinja Pavlovicek oposiziorik gabe errematatu du, baloia Devis Epassy atezainarengandik urruti jarriz.

Gol horrek afrikarren morala erasan du, eta serbiarren bigarrena berehala iritsi da Zambo Anguissak zelai erdian galdutako baloi batean. Serbiarrek jokaldia antolatu dute, eta  Sergej Milinkovic-Savic Lazioko erdilariak area aurrealdetik jaurti du markagailuari buelta emateko.

Bazirudien Kamerun ezingo zela bi kolpe horietatik altxatu, eta are gutxiago bigarren zatiaren hastapenetan Mitrovicen 1-3koaren ondoren. Amore eman izanaren sentsazioa zen nagusi afrikarren artean, Qatarko Munduko Txapelketatik kanpora geratzearen sentsazioa. Aitzitik, Vincent Aboubakar ez da horretarako prest agertu.

55. minutuan atera da berdegunera, eta 11 minutu behar izan ditu gol bat sartu eta partida orekatu duen golaren asistentzia bat emateko. Saudi Arabiako Al-Nassr taldeko egungo aurrelariak txapelketako goletako bat sinatu du, Milos Veljkovicen irteera baloi loratu batekin gaindituz.

Gola markagailura igo da, jokaldiaren hasieran jokoz kanpo egon ez dela berretsi ondoren, oso gutxigatik izan bada ere, hiru minutu geroago gertatu den bezala. Hala, Serbiak atsedenaldiaren atarian egin antzera, Kamerunek ez du barkatu aukera izan duenean. Aboubakarrek sakonean jaso du baloia, eta Choupo-Motingek primeran baliatu du haren erdiraketa 3-3koa erdiesteko.

Horrenbestez, bi selekzioek puntu bakarrarekin itxi dute Munduko Txapelketako bigarren jardunaldia, eta Brasil-Suitza partidaren zain geratu dira azken jardunaldiari begira kontuak egiteko.

Fitxa teknikoa:

3 – Kamerun: Epassy; Fai, Castelletto, N'Koulou, Tolo; Kunde (Ondoua, 67. min), Hongla (Aboubakar, 55. min), Anguissa (Oum Gouet, 81. min); Mbeumo (N'Koudou, 81. min), Choupo Moting eta Toko Ekambi (Bassogog, 67. min).

3 – Serbia: V.Milinkovic-Savic; Milenkovic, Pavlovic (Stefan Mitrovic, 56. min), Veljkovic (Babic, 78. min); Zivkovic (Radonjic, 78. min), Maksimovic, S.Milinkovic-Savic (Grujic, 78. min), Lukic, Kostic (Djuricic, 90+2. min); Tadic; eta Mitrovic.

Golak: 1-0, 29. min: Castelletto; 1-1, 45+1. min: Pavlovic; 1-2, 45+3. min: S. Milinkovic-Savic; 1-3, 53. min: A. Mitrovic; 2-3, 64. min: Aboubakar. 3-3, 64. min: Choupo-Moting.

Epailea: Abdulla Mohammed (Arabiar Emirerri Batuak). Txartele horiak: N'Koulou eta Bassogog (Kamerun); Jovic eta Milenkovic (Serbia).