Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

QATARKO MUNDUKO TXAPELKETA

Frantziak Australia jipoitu du, eta multzoko liderra da (4-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Frantziarrak galtzen hasi ziren eta, gainera, Lucas Hernandez lesionatu egin zen jokaldi berean. Hala ere, partida iraultzeko gai izan ziren.

  • Frantziako jokalariak goletako bat ospatzen.

    Frantziako jokalariak goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Frantziak Australia garaitu zuen Qatarko Munduko Txapelketako estreinaldian (4-1), aurkako gol bati buelta eman, eta D multzoko gorengo postuan jarrita. Gainera, estatistikaren arloan, historiarako datu batzuk utzi zituen.

Egungo txapelduna indar batean zelairatu zen, baina Australia sendo batekin egin zuen topo, duela lau urte bezala.

Hala, Dembeleren eta Mbapperen hasierako oldarraldiak geldiarazi, eta erasora jo zuten ozeaniarrek. 9. minutuan iritsi zitzaien saria, Leckiek Lucasi erronka bota zionean. Jokaldi horretan min hartu zuen frantziarrak, eta egoera baliatu zuen australiarrak baloia areara bidali, eta Goodwinek Lloris gaindi zezan.

Hala ere, frantsesek berehala erreakzionatu zuten. Theo Hernandezek, bere anaia lesionatua ordezkatu zuenak, baloi bat jaso zuen zelai erdian, frantziarren presioa zela medio, eta gozo-gozo bidali zuen areara. Bertan, markarik gabe zegoen Rabiotek buruz errematatu eta berdinketa ezarri zuen.

Golak lasaitasun osoa eman zion Frantziari, eta gora begira jarraitu zuten Deschampsen gizonak, batez ere hegaletatik saiatuz. Dembele, eskuinetik eta Mbappe, ezkerretik, zorrotz aritu ziren, eta australiarren atzealdeak gainezka egin zuen horrenbesteko eraso uholdearen aurrean.

Frantziarrek bigarren gola berehala lor zezaketela sumatzen zen, eta bost minutu pasa orduko iritsi zen: Rabiotek beste baloi bat lapurtu zuen, Mbapperekin hormarena egin, eta Giroudi bidali zion, hark Frantziako selekzioaren elastikoarekin bere 50. gola sar zezan.

Atsedenaldiaren ostean, Frantzia partida erabakita uzteko asmoz agertu zen, bere erasoko jokalarien anbizioak bultzatuta.

Giroud txilenaz saiatu zen 50. minutuan, baita Mbappe ere zenbait alditan, eta azkenerako 68. minutuan erdietsi zuen bere xedea, Dembeleren erdiraketa bat baliatuta.

Dena den, hiru minutu geroago, izar gazteak Giroud beteranoari aitortu nahi izan zion protagonismoa, selekzioarekin 51. gola lortu eta Thierry Henryren marka berdin zezan.

Fitxa teknikoa:

4 - Frantzia: Lloris; Pavard (Pavard, 89. min), Konate, Upamecano, Lucas Hernandez (Theo Hernandez, 13. min); Tchouameni (Fofana, 77. min), Rabiot; Griezmann; Dembele (Coman, 77. min), Giroud (Thuram, 89. min) eta Mbappe.

1 - Australia: Ryan; Atkinson (Dagenek, 85. min), Souttar, Rowles, Behich; Mooy; Leckie, Irvine (Baccus, 85. min), McGreen (Mabil, 73. min), Goodwin (Koul, 74. min); eta Duke (Cummings, 56. min).

Golak: 0-1, Goodwin (9. min). 1-1, Rabiot (27. min). 2-1, Giroud (32. min). 3-1, Mbappe (68. min). 4-1, Giroud (71. min).

Epailea: Victor Gomes (Hego Afrika). Txartel horiak: Duke, Irvine eta Mooy (Australia).