Itxi

Munduko futbol txapelketapelketa

H multzoa

Hegoafrika 2010: Espainiak ez du Hondurasen aurka huts egin (2-0)

Erredakzioa

David Villak sartu ditu neurketako bi golak. Multzoko beste partidan garaipena lortu du Txilek Suitzaren aurka Mark Gonzalezen golari esker (1-0).

Espainiako selekzioak garrantzi handiko hiru puntu batu ditu Hondurasen aurka lortutako garaipenari esker (2-0). David Villa izan da golegilea.

Eroso jokatu dute Vicente del Bosqueren gizonek lehen zatian. Jaun eta jabe izan dira ahulegi azaldu den Honduras selekzioaren kontra. Villa izan da arrisku gehien sortu duen jokalari eta 17. minutuan jokaldi bikain baten ondorioz markagailua estreinatu du (1-0). Torresek bigarrena sartzeko bi aukera izan ditu. Aldea ez zen nahikoa.

51.ean, espainiarren kontraeraso batean bigarrena lortu du Villak (2-0). Hamar minutu geroago hat-tricka egiteko parada izan du FC Bartzelonako jokalariak. Yuichi Nishimura epaileak Navasi egindako penaltia adierazi du, baina Villak kale egin du.

Espainiak ez du Hondurasen aurka huts egin eta ostiralean Txile gaindituz gero final-zortzirenetarako txartela eskuratuko du. Hondurasek, bestalde, agur esan dio Munduko Futbol Txapelketari.

Fitxa teknikoa:

2 - Espainia: Iker Casillas; Sergio Ramos (Arbeloa, 76''), Puyol, Pique, Capdevila; Busquets, Xabi Alonso, Xavi (Cesc, 66''), Silva, Villa; eta Fernando Torres (Mata, 70'').

0 - Honduras: Valladares, Sergio Mendoza, Chavez, Figueroa, Izaguirre; Turcios (Nuñez, 63''), Guevara, Palacios, Martinez, Espinoza (Welcome, 46''); eta Suazo (Palacios, 83'').

Golak:

1-0, 17'': Villa.

2-0, 50'' Villa.

Txileren garaipena

H multzoko lidergoan kokatu du Txileko selekzioa Suitzako 1-0ko markagailuarekin mendean hartuta.

Asko sufrituta lortu dute txiletarrek gola sartzea (Mark Gonzalezek, 74. minutuan), baina landutako hiru puntu batu dituzte. Suitzak bat gutxiagorekin (Behrami) jokatu du azken ordubetea, eta ez da Bravok babestutako atean erremate bat egiteko gai izan.

Fitxa teknikoa:

1 - Txile: Bravo; Jara, Medel, Ponce, Isla, Carmona, Vidal (Mark Gonzalez, 46''), Matias Fernandez (Paredes, 64''), Alexis Sanchez, Suazo (Valdivia, 46'') eta Beausejour.

0 - Suitza: Benaglio; Lichtsteiner, Von Bergen, Grichting, Ziegler, Inler, Huggel, Behrami, Gelson Fernandes (Bunjaku, 76''), Frei (Barnetta, 42'') eta N''Kufo (Derdiyok, 68'').

Gola:

1-0: Mark Gonzalez (75'').