Itxi

3. Maila

2. B Mailara igotzeko playoffa

Varea-Laudio, Compostela-San Juan, Cayon-Arenas eta Celta B-Mutilvera

Erredakzioa

Hauek dira euskal taldeek Bigarren B Mailara igotzeko playoffeko finalerdietan izango dituzten aurkariak.

Astelehen honetan egin da Bigarren B Mailara igotzeko playoffetako finalerdien zozketa Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) Las Rozasen (Madril) duen Futbolaren Hirian. Igoera faseko finalerdietan lau euskal talde izan dira zozketan: Laudio, Arenas, San Juan eta Mutilvera.

Laudiok multzoko txapeldunen artean jokatu zuen kanporaketa galdu zuen, eta horregatik jokatu behar du kanporaketa hau. Arabako taldeak ezin izan zuen igoera lortu Racing Ferrolen aurka, baina beste aukera bat du. Laudiori ez zaio bidaia luzea egitea egokitu. Varea talde errioxarra izango du aurkari. Vareak Novelda utzi du kanpoan aurreko kanporaketan. Joaneko partida Errioxan jokatuko da, eta itzulerako Laudion.

Beste hiru euskal taldeek ere etxean jokatuko dituzte itzulerako partidak. IV. multzoko beste taldeak, Arenasek, zortea izan du, eta bidaia laburra egitea egokitu zaio talde bizkaitarrari ere. Arenasen aurkaria Kantabriako Cayon taldea izango da. Cayonek Formentera kanporatu zuen playoffetatik.

Nafarroako bi taldeei aurkari galiziarrak egokitu zaizkie. San Juanek Compostela izango du aurkari. San Juanek ere ezin izan zuen multzoko txapeldunen kanporaketan igoera lortu. 'Compos'ek CD Ebroren aurka jokatutako kanporaketa irabazi zuen. Mutilverak, aldiz, Celta B izango du aurkari. Kalitate handiko taldea dute Vigokoek, eta lehen kanporaketan Cortes talde nafarrari irabazi zioten.