Itxi

Reala

Granadan

Reala desagertu egin da epaileak Illarramendi egotzi eta gero

Erredakzioa

Porrot mingarria jaso dute donostiarrek Granadan (4-1). Teixeirak Realeko erdilaria egotzi ostean txuri-urdinak erreakzionatzeko gaitasunik gabe geratu dira.

  • Reala. Argazkia: EFE

    Reala. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Granada: Roberto; Nyom, Siqueira, Iñigo Lopez (Mainz, 65. minutua), Borja Gomez; Fran Rico, Mikel Rico, Martins (Jaime Romero, 77. minutua) Abel Gomez; Franco Jara eta Ighalo (Uche, 58. minutua).

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Cadamuro, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez (Ruben Pardo, 77. minutua); Aranburu, Bergara, Illarra, Griezmann (Ifran, 71. minutua); Xabi Prieto eta Agirretxe (Vela, 66. minutua).

Golak: 0-1, 11. minutua: Mikel Gonzalez. 1-1, 12. minutua: Iñigo Lopez. 2-1, 57. minutua: Franco Jara. 3-1, 61. minutua: Uche. 4-1, 87. minutua: Uche.

Realak porrot mingarria jaso du Granadan (4-1). Illarramendiren kanporatze eztabaidagarriak neurketa erabat baldintzatu du. Donostiarrak desagertu egin dira bigarren zatian eta Andaluziako taldeak txuri-urdinak jipoitzeko aprobetxatu du.

Lehen zatia erritmo biziarekin hasi da eta bi taldeek gol aukerak sortu dituzte aurreneko minutuetan. Horrela, Realak lehen kolpea eman du korner batean, Iñigo Martinezek buruz baloia Robertoren sareetan kokatu du. Hala ere, txuri-urdinen pozak gutxi iraun du, minutu bat hain zuzen ere. Beste korner baten Iñigo Lopezek berdinketa egin du burukada baten bitartez.

Gola sartu aurretik egindako falta bat eskatu dute donostiarrek, baina alferrik. Berdinketaren ostean erritmoak behera egin du nabarmen. Hala eta guztiz ere, gipuzkoarrek ez dute partidaren kontrola sekula izan.

Martins Granadako erdilariak baloi ugari jaso ditu lerro artean eta Iñigo Lopez atzelariak erdiraketa guztiak errematatu ditu. Zorionez ez du beste gol bat sartzea lortu.

Lehen zatia azken minutuetan erabat okertu da. Illarramendiri txartel gorria atera dio epaileak. Txuri-urdinak sarrera itsusia egin dio Granadako jokalari bati.

Atsedenaldiaren ostean gauzak ez dira hobetu, kontrakoa baizik. Granadak aurrea hartu du markagailuan Jarak gol ikusgarria sartu eta gero. Argentinarraren gol goiztiarrak lana erraztu die andaluziarrei, izan ere, Reala erreakzionatzeko gaitasunik gabe geratu da.

Horrela, Uchek partida erabakita utzi du kontraeraso batean eta geroago Granadaren laugarrena sartu du.