Reala
1-2
Realak Getaferen kontra galdu du Anoetan, partida kaskar batean
Agentziak | Erredakzioa
Willian Josek aurretik jarri ditu txuriurdinak, baina Djenek eta Angelek Getafera eraman dute garaipena. Neurketa bukatuta, Anoetako zaleek txistu artean agurtu dute taldea.
-
Reala 1 - Getafe 2 / EFE.
Realak Anoetan galdu du Getaferen kontra, ahazteko moduko neurketa kaskar batean. Krisia luzatu dute gipuzkoarrek. Taldea eta entrenatzailea, Eusebio Sacristan, ez daude egoera onean.
Etxekoak zaleei zerbait on eskaintzeko asmoarekin zelairatu dira. Gogotsu hasi due partida. Oyarzabalek aukera ona izan du lehen minutuan. Izan ere, lehen zatian nagusi izan dira. Willian Josek zutoinera bidali du baloi bat, eta Oyarzabalek beste aukera argia izan du gero.
Saria 22. minutuan heldu da. Brasildarrak lortu du, Munduko Txapelketa prestatzeko lagunartekoak jokatzeko deitu dutela ospatuta.
Aldageletara joateko ordua hurbildu ahala hobetu jokatu du Getafek, eta atsedenaldia baino lehen buruz sartu du Djenek.
Bigarren zatian, Jose Bordalasen taldeak beste aurrerapauso bat egin du, eta 51. minutuan bigarrena lortu du. Angel izan da golegilea, urrunetik gol bikaina sartuta.
Etxeko taldea ez da suspertu, eta Getafek, aldiz, jokoaz disfrutatu du, nagusi. Aurreikusteko moduko jokoa egin du Realak, eta ez du eman partida berdindu zezakeen irudirik.
FITXA TEKNIKOA
Reala: Moyá; Odriozola, Héctor Moreno, Navas, De la Bella; Illarramendi, Zubeldia, Zurutuza (Juanmi, min. 73); Canales (Januzaj, min. 66), Oyarzabal (Agirretxe, min. 84) Willian José.
Getafe: Guaita; Antunes, Cabrera, Djené, Damián; Amath, Mauro, Fajr, Portillo (Mora, min. 90); Molina (Hugo Duro, min. 88), Ángel Rodríguez (Gaku, min. 78).
Golak: 1-0, min. 22: Willian Jose. 1-1, min. 45+1: Djene. 1-2, min. 51: Angel