Reala
Porrota Anoeta
Realak Rayo Vallecanoren aurka huts egin du (0-1)
Erredakzioa
Lehen zati kaskar baten ostean, hobera egin du txuri-urdinen jokoak bigarrenean, baina Manuchoren golak (80.ean) garaipena eman dio Madrilgo taldeari.
Realak burua altxatu ezinik jarraitzen du. Donostiarrek porrota jaso dute Rayo Vallecanoren aurka (0-1), Anoetan, BBVA Ligako 19. jardunaldian.
Joko eskasekoa izan da Anoetako lehen zatia. Baloiaren-jabetza Paco Jemezen taldearen izan da eta gol-aukera argienak ere bisitariek izan dituzte.
Talde txuri-urdinak ez du eroso jokatu, eta Imanol Agirretxe bakarrik izan da arriskua sortzeko gai izan. Aurrelariak pare bat abagunea izan ditu, 22.ean eta 29.ean hain zuzen ere.
Atsedenaldira heltzeko minutu gutxiren faltan, markagailua estreinatzeko zorian izan da Rayo. 44.ean, gutxigatik ez du Trashorrasek Rulli atezaina ezustean hartu eta minutu bat geroago ezin izan du Manuchok sarea zulatu, Rulliren aurrean bakarrik geratu den arren.
Neurketa bigarren zatiaren hasieran apurtu egin da, eta atzera-aurrerak ugariak izan dira bi areatan. 52.ean Xabi Prietoren errematea saihestu du Toño atezainak, eta 56.ean penalti puntutik jaurti du Agirretxek, baina atzelari batek kornerrera aldaratu du.
70.ean Bak Carlos Vela mexikarrari egindako penaltia eskatu dute etxekoek, baina epaileak ez du ezer adierazi. Manuchok 0-1ekoa egin du 80. minutuan. Korner batean, buruz gainditu du Rulli Angolako jokalariak.
Reala norgehiagoka berdintzen saiatu da, baina ez du lortu. Lehen itzulian 19 puntu eskuratu ditu David Moyesen taldeak. Asko hobeto beharko du.
Fitxa teknikoa:
0 - Reala: Rulli; Aritz Elustondo (Chory Castro, 77'), Ansotegi, Iñigo Martinez, De la Bella; Bergara (Ruben Pardo, 52'), Granero (Finnbogason, 83'), Xabi Prieto; Canales, Vela eta Agirretxe.
1 - Rayo Vallecano: Toño; Insua, Ze Castro, Abdoulaye, Tito (Quini, 46'); Baena, Trashorras; Kakuta, Bueno (Jozabed, 77'), Aquino (Alex Moreno, 59'); eta Manucho.
Golak:
1-0, 81': Manucho.