Itxi

Reala

Larunbatean, 20:00etan

Liga jokoan duen Real Madril hartuko du Realak Anoetan

Erredakzioa

Xabi Prietok ezin izango du jokatu, orkatila bihurrituta daukalako. Ancelottik, berriz, ez du Cristiano Ronaldo zelairatuko.

  • Benzema eta Iñigo Martiez, Bernabeun jokatutako partidan. Efe.

    Benzema eta Iñigo Martiez, Bernabeun jokatutako partidan. Efe.

Reala erronka handiak dituela iritsi da lehiaketaren azken txanpara. Laugarren postua ez du begi bistatik galdu, baina aurten, Txapeldunen Liga eta Errege Kopa tarteko, partida asko jokatu behar izan ditu, eta azken aldian indarrak falta dituztela ematen du.

Donostiarrei hiru aldiz irauli diete emaitza azken bost partidetan, eta guztietan ere sailkapenaren azken postuetan daudenek. Txuri-urdinak hobeto ari dira aurten talde indartsuen aurka. Ligan, Bartzelona, Athletic, Sevilla eta Valentzia gainditu dituzte, eta Vila-real kopatik at utzi zuten. Anoeta beteta izango da, zaleek jakin badakitelako Reala ondo aritzen dela talde handien aurka.

Jagoba Arrasatek ezin izango du Xabi Prieto zelairatu, kapitainak orkatila bihurritu baitu. Eta Esteban Granero deialdian sartzea zaila izango da, nahiz eta zortzi hilabeteren ostean jokatzeko moduan izan. Dena den, betiko eraso beldurgarria erabili ahal izango du entrenatzaileak, aukera askorekin.

Aurrean ez dute nolanahiko taldea izango. Real Madrilek ezin du hutsik egin eta garaipena behar du Liga eskuratzeko aukerei agur esan nahi ez badie. Klasikoan izan zuen titulua erdi erabakita uzteko aukera, baina erabakita utzi ez, eta, gainera, porrot mingarria jaso zuten Bartzelonaren aurka. Ondoren, Sevillan ere huts egin zuten; beraz, orain, 'Tata' Martinoren taldeak bere partidak irabazteaz gain, Atletico Madrilek zer egiten duen zain egon beharko du.

Cristiano Ronaldok ez du Anoetan jokatuko. Ez dago sasoi bete-betean, eta Ancelottik atsedena ematea erabaki du. Di Maria, berriz, gastroenteritisak jota ibili da, eta aulkian egongo da.