Itxi

Reala

Santiago Bernabeu estadioan

Realak jipoia hartu du Madrilen (5-1)

Erredakzioa

Real Madrilek lehenenego zatia erabaki du partida, 4-0ekoarekin. Cristiano Ronaldok hat-tricka lortu du neurketako protagonista nagusia izan da.

2:53

Realak porrot gogorra jaso du Real Madrilen kontra (5-1). Zuriek neurketa erabakita utzi dute lehenengo zatian (4-0), txuri-urdinak baino gehiago izan baitira. Griezmannek Donostiako taldearen gola egin du bigarren zatian (4-1), eta Cristiano Ronaldok 5-1ekoa jarri du markagailuan. Portugaldarrak erakustaldia eman du berdegunean, eta hiru gol lortu ditu.

Cristiano Ronaldok 7. minutuan eman du lehenengo abisua, baina baloia kanpora joan da, langa jo ostean. Real Madril erasoan murgildu da, eta Realak atzerapauso nabarmena eman du berdegunean. 11. minutuan, Portugaleko izarrak 1-0ekoa jarri du markagailuan, jaurtiketa gogor batekin. Txuri-urdinek defentsan sufritzen jarraitu dute, eta Benzemak arratsaldeko bigarrena egin du, Cristiano Ronaldoren pase ederra aprobetxatuta (2-0).

Carlo Ancelottiren gizonek kontraerasoa etengabe bilatu dute, eta Gipuzkoako taldeak ez du ia gol aukerarik sortu. 25. minutuan epaileak Real Madrilen aldeko penaltia adierazi du, Markel Bergarak eskuarekin jo baitu baloia. Cristiano Ronaldok penaltia jaurti eta 3-0ekoa jarri du Santiago Bernabeu estadioko markagailuan.  Zuriek presionatzen jarraitu dute, eta 35. minutuan Khedirak laugarrena lortu du (4-0), jaurtiketa indartsu batekin. Balek bosgarrena lortzeko abagune bi izan ditu, baina Galeseko jokalariaren saiakerak kanpora joan dira. Atsedenaldian, Jagoba Arrasateren gizonak 4-0 markagailuan azpitik egon dira.

Bigarren zatian De la Bella eta Zurutuza Elustondoren eta Seferovicen ordez sartu dira, eta Realak asko hobetu du erasoko jokoa. Cristiano Ronaldok abagune oso argi izan du lehenengo minutuetan, baina bere saiakera kanpora joan da. 60. minutuan, Griezmannek Varaneren akats bat aprobetxatu du, eta frantziarrak txuri-urdinen gola eskuratu du, baloia Diego Lopezen gainetik jaurti ondoren (4-1). Jarraian, Antoine Griezmannek bigarren gola egiteko aukera argia izan du, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu du, eta kanpora joan da.

Ancelottiren gizonek gola lortzeko gosea mantendu dute, eta Cristiano Ronaldok bere hirugarren gola egin du, 75. minutuan, falta jaurtiketa zuzena sareetara bidalita (5-1). Norgehiagoka erabakita utzi du portugaldarrak, eta Realak bigarren gola egiteko abaguneak izan ditu. Hala ere, Diego Lopez atezainak gelditu erabakigarria egin dio Carlos Velari, azkenengo minutuan. Azkenean, hiru puntuak Madrilgo taldeak eskuratu ditu.

. Fitxa teknikoa:

5 - Real Madril: Diego Lopez; Carvajal, Pepe, Varane, Arbeloa; Xabi Alonso (Illarramendi, 70. minutuan), Khedira (Isco, 77. minutuan), Modric; Cristiano Ronaldo, Bale eta Benzema (Morata, 83. minutuan).

1 - Reala: Claudio Bravo; Carlos Martinez (Ansotegui, 59. minutuan), Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Jose Angel; Markel Bergara, Elustondo (Zurutuza, 46. minutuan); Xabi Prieto, Vela, Griezmann; eta Seferovic (De la Bella, 46. minutuan).

Golak: 1-0, 12. minutuan: Cristiano Ronaldo. 2-0, 18. minutuan: Benzema. 3-0, 27. minutuan: Cristiano Ronaldo, penaltiz. 4-0, 36: Khedira. 4-1, 61. minutuan: Griezmann. 5-1, 77. minutuan: Cristiano Ronaldo.