Itxi

Reala

4-1 Anoetan

Realak Valladolid jipoitu eta 10 jardunaldi daramatza jada galdu barik

Erredakzioa

Griezmannek bi gol egin ditu, Agirretxek beste bat eta Xabi Prietok laugarrena. Donostiarrak sailkapeneko laugarren postura igo dira.

  • Griezmannek bi gol egin ditu Valladoliden aurka. Efe.

    Griezmannek bi gol egin ditu Valladoliden aurka. Efe.

Montagnierren mutilek lehen zati ona jokatu dute, jokoa goitik behera menderatuta. Valladolidek gainera erraz jarri dizkie gauzak, ezer gutxi egin baitute lehen 45 minutuetan. Izan ere, Bravoren atera hurbildu arte 25 minutu pasa behar izan dira.

Reala jokoaren jabe zen, baina lehen minutuetan ez da gol aukerarik izan. Lehen gola 33. minutuan iritsi da, Antonie Griezmannek egin du.

Sei minutu geroago egin dute bigarrena, Imanol Agirretxek egin du, maisuki. Eta bost minutu geroago hirugarrena egin dute txuriurdinek, Griezmannek hain zuzen. Jokalariak bere bigarren gola sartu du, kontrol eta jaurtiketa bikaina eginda.

Gauzak ezer gutxi aldatu dira bigarren zatian. Xabi Prietok laugarren gola egin du aldageletatik atera eta berehala, gol ederra izan da, Griezmannek eta Carlos Martinezek egindako jokaldi bikaina aprobetxatuta. Anoetako ikusleak pozez gainezka zeuden, gol zaparrada handiagoaren zain.

Valladoliden gola

Valladolidek, hala ere, ez du amore eman eta Bravoren atea zulatzen saiatu dira, baina gola beranduegi egin dute: 86. minutuan. Aurretik, Realak bosgarrena sartzeko aukera garbiak izan ditu.

Azkenik, Reala nagusi, 4-1, eta txuriurdinak sailkapeneko laugarren postura igo dira. Gainera, sartutako lau golei esker, ligan gol gehien sartu dituen hirugarren taldea da donostiarra, Barçaren eta Madrilen atzetik.

 

Fitxa teknikoa:

4 - Reala: Bravo; Carlos Martinez (Estrada, 76 min), Mikel, Iñigo Martínez, De la Bella (Jose Angel, 65 min); Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto (Pardo, 67 min); Vela, Griezmann eta Agirretxe.

1 - Valladolid: Dani; Balenziaga, Rueda, Sereno, Rukavina; Rubio (Baraja, 83 min), Sastre, Omar, Oscar, Rama (Bueno, 54 min); Manucho (Guerra, 70 min).

Epailea: Clos Gomez (Aragoikoa). Txartel horia atera dio Balenziagari.

Golak: 1-0, 33 min: Griezmann. 2-0, 39 min: Agirretxe. 3-0, 43 min: Griezmann. 4-0, 48 min: Xabi Prieto. 4-1, 87 min: Javi Guerra.