Itxi

Eibar

33. jardunaldia

Eibarrek puntu bat ekarri du Cadizetik, partida parekatua jokatuta

EITB MEDIA

Armaginek ez dute neurketarik galdu Beñat San Jose donostiarra taldearen entrenatzailea denetik. Gipuzkoako taldea sailkapeneko 13. postuan dago, Deportivo, Cadiz eta Kordobarekin berdinduta.

  • Cadiz-Eibar partidako argazkia, Hypermotion Ligako 33. jardunaldian. Irudia: SD Eibar

    Cadiz-Eibar partidako argazkia, Hypermotion Ligako 33. jardunaldian. Irudia: SD Eibar

Eibarrek eta Cadizek puntuak banatu dituzte astelehen honetan Nuevo Mirandillan, Hypermotion Ligako 33. jardunaldiko partidan (0-0). Oso norgehiagoka parekatua jokatu dute, eta ez da gol-aukera handirik izan. Gipuzkoako taldeak ez du partidarik galdu Beñat San Jose aulkian eseri zenetik: sailkapeneko 13. lekuan dago, promozio zein jaitsiera postuetatik bederatzi puntura.

Sakontasun falta eta akatsak izan dira nagusi lehiaren hasieran. Gaizka Garitano armagin ohiak gidatzen duen Cadiz bizitasunez jokatzen saiatu arren, Eibarrek ez dio utzi, serio eta ondo kokatuta. Aukerak sortu ezinean, Javier Ontiverosek jaurtitako falta batekin gola sartzen ahalegindu da talde horia, baina Magunagoitiak ondo geldiarazi du (13. minutuan).

Eibar bere zelaian sartu du Cadizek lehen zatiaren erdialdetik aurrera, eta nahiz eta Chris Ramosek 24. minutuan markagailua irekitzeko aukera izan, Magunagoitiak primeran eutsi dio berriz ere. Ondoren, kanpoaldeko jaurtiketa batekin erantzuten saiatu da Arbilla: David Gilek geratu egin du, 31. minutuan. Eibarreko taldea beste aukera bat izan du atsedena baino lehen, ezkerreko aldetik etorritako erdiraketa bat Bautistak buruz jota, baina kanpora joan da.

Bigarren zatian, Eibarrek sendo jokatzen jarraitzeaz gain, zelai erdiko kontrola eskuratu du hainbat unetan. Sergio Alvarez zelairatu du San Josek, eta horrek bisitarien nagusitasuna areagotu du.

Realak utzitako Carlos Fernandez aurrelaria eta Brian Ocampo uruguaitarra sartu ditu Cadizek, jokoari beste ukitu bat emateko xedez. Hala eta guztiz ere, Eibar izan da nagusi, eta berdinketarekin bukatu da partida (0-0).

Fitxa teknikoa

Cadiz (0): David Gil; Carcelen, Kovacevic, Chust, Climent; San Emeterio, Alcaraz (Diakite, 84. min), Sobrino (Carlos Fernandez, 67. min), Melendo (De la Rosa, 76. min), Ontiveros (Ocampo, 76. min); eta Ramos (Roger, 84. min).

Eibar (0): Magunagoitia; Cubero, Arambarri, Arbilla, Cristian; Nolaskoain, Matheus (Alvarez, 46. min), Corpas, Puertas (Martinez, 84. min), Pascual (Alkain, 69. min); eta Bautista.

Epailea: Lax Franco (C. Murciano). Txartel horia atera die Corpasi (27. min), Arbilla (29. min), Arambarri (57. min) eta Bautistari (87. min).

Nuevo Mirandilla futbol-zelaia, 9.000 ikusle.