Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek, bat gutxiagorekin, eutsi egin dio Sportingen aurka berdintzeko (0-0)
Agentziak | EITB MEDIA
Alvaro Carrillok bigarren txartel horia ikusi du 52. minutuan, eta, ondorioz, jokalari bat gutxiagorekin utzi ditu armaginak.
-
Sporting Gijon vs Eibar. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek ezin izan du garaipenik lortu, Sportingen aurka berdinduta (0-0), ia bigarren zati osoa jokalari bat gutxiagorekin jokatuz Carrilloren kanporaketagatik.
Lehen minutuetan, etxekoak nagusi izan dira, eta Eibar defentsa-lanetan aritu da, baina nagusitasun hori gutxituz joan da. Eibar aurkaria ezustean harrapatzen saiatu da pase luzeak erabiliz, baina etxekoen atzealdeak ere ez du estutasunik izan.
Eibarren erantzuna geldikako jokaldi batean heldu da, Alkainek jaurtitako falta batean. Arambarrik buruz kanpora bidali du errematea, jokoa orekatuago zegoenean, eta Bautistak ere ez du asmatu.
Eibar indartsuago zelairatu da atsedenaldiaren ostean, eta Sporting bera arean sartu du. Hala ere, Eibar jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Carrillok bigarren txartel horia jaso baitu, Dubasini falta gogorra egin ondoren.
Eibarrek jokoa eten du, kontraerasoak egiteari uko egin gabe, eta puntua ez galtzea lehenetsi du.
Fitxa teknikoa:
0 – Sporting Gijon: Yañez, Guille Rosas, Maras (Nacho Martin, 2. min), Diego Sanchez, Pablo Garcia (Cote, 62. min), Olaetxea, Gelabert, Nacho Mendez (Dotor, 80. min), Dubasin, Campuzano (Caicedo, 80. min) eta Nico Serrano (Queipo, 73. min).
0 - Eibar: Magunagoitia, Carrillo, Arambarri (Matheus, 82. min), Arbilla, Arrillaga, Alkain, Javi Martinez (Cubero, 52. min) Mada (Pascual, 82. min), Sergio, Guruzeta (Nolaskoain, 72. min) eta Bautista (Puertas, 72. min).
Epailea: Avalos Barrera. Carrillo kanporatu du, bigarren txartel horia aterata. Bestalde, txartel horia atera die Arambarri, Maras, Pablo Garcia, Arbilla eta Puertas jokalariei.