Eibar
HYPERMOTION LIGA
Eibarren atzerapausoa Burgosen (1-0)
G. P. A. | EITB Media
Armaginek ez dute maila ona eman, eta defentsan egin duten akats larri baten ondorioz iritsi da Burgosen gola.
-
Jon Bautista, Burgos-Eibar partidan. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek 1-0 galdu du gaur Burgosen aurka El Plantio estadioan jokatu duen partida, eta, ondorioz, EA Sports Ligara igotzeko lehian sartzeko aukera galdu du. Armaginek irudi kaxkarra eman dute, eta ez dute ahalmenik izan bi hilabete garaipenik lortu gabe zeramatzan Burgos menderatzeko.
Eibarrek ez du joko ona egin lehen zatian. Burgosena izan da baloiaren jabetza, eta haren mendean aritu da Joseba Etxeberriaren taldea.
Armaginek bi jaurtiketa baino ez dituzte egin atera; etxeko taldeak, berriz, lau gol aukera garbi izan ditu. Horietako bat atsedenaldia heldu baino lehen izan da, baina Magunagoitiak geldiketa bikaina egin du, 1-0ekoa ekiditeko.
Aldageletatik bueltan, ez da aldaketa nabarmenik izan, 67. minutura arte. Une horretan sartu du gola Burgosek, Eibarrek defentsan egindako huts larri baten ondotik. Chemak pase txarra eman dio Magunagoitiari, baloia Alex Sancrisek berreskuratu du, eta honek emandako asistentzia Currok aprobetxatu du, markagailuan aurrea hartzeko.
Lehena sartuta, bigarrenaren bila joan dira etxekoak, baina Magunagotiak aukera guztiak zapaztu ditu. Bera izan da Eibarreko onena. Joseba Etxebarrierenak ere aurrera joan dira, eta berdinketa lortzen saiatu dira, baina, alferrik. Nahi eta ezin.
Azken minutuetan tentsio handia izan da, epaileak partidaren amaiera adierazi duen artea, 94. minutuan. Eibarrek gora egiteko aukera ona galdu du; Burgosek, berriz, jaitsiera postuetatik ateratzea lortu du, behin-behinean bada ere, bi hilabeteren ondoren merezitako garaipena bereganatuta.
FITXA TEKNIKOA:
1- Burgos CF: Cantero; Pipa, Aitor Cordoba, Lisandro Lopez (David Lopez, 46. min), Florian Miguel; Atienza, Morante (Marcelo, 72. min); Alex Sancris, Curro Sanchez (Mario Cantero, 82. Min), Dani Ojeda (Borja Sanchez, 64. min); eta Edu Espiau (Fer Niño, 64. min).
0- SD Eibar: Magunagoitia; Cubero, Arambarri, Chema Rodriguez, Arrillaga (Cristian, 78. min); Sergio Alvarez (Ander Madariaga, 78. min), Nolaskoain; Guruzeta (Slavy, 85. min), Jorge Pascual, Puertas; eta Jon Bautista (Alkain, 64. min).
Epailea: Gonzalez Diaz. Txartel horia atera die Burgoseko Moranteri eta Dani Ojedari; eta Eibarreko Sergio Alvarezi, Jorge Pascuali, Alakini eta Joseba Etxeberria entrenatzaileari.
Golak: 1-0, 67. min: Curro.