Eibar
14. Jardunaldia
Eibarrek 1-0 galdu du Riazorren, Mario Sorianok luzapenean gola sartuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Armaginek hiru partida galdu dituzte jarraian, eta 13. lekuan daude Hypermotion Ligako sailkapenean, 18 puntu eskuratuta.
-
Eibar eta Deportivoren arteko partidaren irudia. Argazkia: SD Eibar
Eibarrek galdu egin zuen astelehenean Deportivoren kontra, Riazorren, Hypermotion Ligako 14. jardunaldiko partidan, Mario Sorianok luzapenean sartutako gol baten ondorioz, arerioaren korner baten defentsan egindako akats bat dela eta. Horrenbestez, Joseba Etxeberriaren taldeak hirugarren neurketa galdu zuen jarraian.
Armagin izandako jokalariaren golak Helton Leites eta Jonmi Magunagoitia atezainen lan onak markatutako partida desorekatu zuen. Izan ere, nork bere taldeari eutsi zion, Sorianok Oscar Gilsanzen gizonei garaipena eman zien arte. Gilsanzek ez du norgehiagokarik galdu Deportivoren entrenatzailea denetik.
Magunagoitiari esker, Eibarrek ez zuen etsi Deportivok hasieran erakutsitako erasoaren aurrean. Atezaina hasierako hamaikakora itzuli zen Riazorren, eta hasierako berdinketa mantendu zuen, David Mellak 4. eta 17. minutuetan egindako jaurtiketak geldituta.
Eibarrek, hala ere, baloiari eutsi egin zion. Minutuek aurrera egin ahala, pazientziaz jokatu zuen Deportivori eraso egiteko. Lehen zatiko 30 minutuak heldu zirenean, Pascualek buruz egindako errematea geratu zuen Helton brasildarrak.
Norgehiagokak bide beretik jarraitu zuen bigarren zatian. Galiziako taldeak erasoan segi zuen, baina gipuzkoarrak izan ziren markagailuan aurreratzeko urrezko bi aukera izan zituztenak. Helton, beste behin ere, erabakigarria izan zen, Nolaskoainen jaurtiketa bat eskuz bikain geratu baitzuen.
91. minutuan, Mario Sorianok etekina atera zion Eibarrek azken lerroan egindako akats bati, aurrealdetik hanka prestatu, eta Magunagoitiak geratu ezin izan zuen jaurtiketa batekin.
-Fitxa teknikoa:
1 - Deportivo: Helton; Petxarroman, Pablo Vazquez, Barcia, Obrador (Escudero, 88. min); Mario Soriano, Villares, Yeremay, Lucas Perez, Mella (Davo, 76. min); Barbero (Cristian Herrera, 66. min).
0 - Eibar: Magunagoitia; Corpas, Carrillo, Arambarri, Arrillaga (Kento, 77. min); Sergio Alvarez, Mada (Cristian Gutierrez, 77. min); Alkain (Jon Guruzeta, 69. min), Nolaskoin, Puertas (Merquelanz, 88. min); Pascual (Bautista, 77. min). Gola: 1-0, 91. min: Mario Soriano.
Epailea: Sanchez Villalobos (Andaluziako komitea). Obradorri (Deportivo) txartel horia atera zion (79. min), eta Eibarko Guruzetari (74. min) eta Carrillori (91. min).
Gertakariak: Hypermotion Ligako 14. jardunaldiko partida, Riazorren, 19.980 ikuslerekin.