Itxi

Eibar

LaLiga Hypermotion

Eibarrek denboraldiko bigarren garaipena lortu du, Albaceten irabazita (0-1)

EITB MEDIA

Raul Lizoain Albaceteko atezainak partidako 17. minutuan bere atean egindako golari esker gailendu da Joseba Etxeberriaren taldea. Jokatutako lau jardunaldietan, armaginek ez dute neurketarik galdu.

  • Eibarrek ez du jokatutako lau jardunaldietan partidarik galdu. Argazkia: @SDEibar.

    Eibarrek ez du jokatutako lau jardunaldietan partidarik galdu. Argazkia: @SDEibar.

Eibarrek denboraldiko bigarren garaipena lortu du Albaceteren etxean 0-1 irabazita, Hypermotion Ligako laugarren jardunaldiko partidan. Dagoeneko, armaginek zortzi puntu dituzte sailkapenean, eta jokatutako lau partidetan ez dute porrotik izan.

Gola 17. minutuan iritsi da, teorian arrisku handirik izan behar ez zuen jokaldi batean. Aranbarrik pase luzea eman du Albaceteko atzelarien bizkarra bilatuz, Lizoain atezaina atetik atera da baloia urruntzeko asmoz, baina baloiak botea eman du eta azkenean etxeko taldearen atean sartu da.

Ondoren, Albacetek berdinketa lortzeko bi aukera argi izan ditu Lazoren eta Jon Garciaren hanketan, baina ez batak eta ez besteak ez du asmatu baloia gipuzkoarren atean sartzen.

Bigarren zatian partidak berdintsu jarraitu du; etxeko taldea nagusi izan da zelaian, baina asko kostatu zaio gol aukera argiak sortzea.

Armaginek egoerari ondo eutsi diote eta ez dute garaipena arriskupean jarri. 79. minutuan partida erabakita uzteko aukera izan dute, baina Sergio Alvarezen jaurtiketa Lizoainek aldaratu du, ondoren Madak gora jaurti du baloia.

Fitxa teknikoa:

0 - Albacete: Lizoain, Javi Rueda (Alvaro, 68. min), Jon Garcia, Ros (Marchan, 75. min), Jaume Costa (Juanma, 68. min), Morci (Nabil, 81. min), Agus Medina, Riki, Lazo (Fidel, 68. min), Higinio eta Quiles.

1 - Eibar: Fuzato, Corpas (Cubero, 68. min), Arambarri, Arbilla, Cristian Rodriguez, Alkain, Sergio Alvarez, Matheus (Nolaskoain, 79. min), Antonio Puertas (Jorge Pascual, 79. min), Toni Villa (Mada, 59. min) eta Bautista (Guruzeta, 68. min)

Gola: 0-1, 17. min: Lizoain, bere atean.

Epailea: Muresan Muresan (Valentziako batzordekoa). Txartel horiak atera dizkie Albaceteko Quiles eta Marchan jokalariei eta Eibarreko Toni Villa eta Bautista jokalariei.