Itxi

Eibar

Taldekide berria

Merquelanz armagina izango da datorren denboraldian, aldi batez probaldiarekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jokalari irundarra ostegun honetan hasiko da taldearekin entrenatzen Atxabalpen, Joseba Etxeberriaren aginduetara.

  • Martin Merquelanz, Eibarko jokalaria

    Martin Merquelanz, Eibarko jokalaria

Eibarrek eta Martin Merquelanzek akordioa adostu dute datorren denboraldian talde armaginean joka dezan, 2025eko ekainera arte. Ostegun honetan hasiko den aldi baterako probaldia egingo du, lehenik eta behin.

Merquelanz (Irun, 1995) libre iritsiko da Eibarrera, Realarekin zuen kontratua eten ostean. Jubenil mailaz gero aritu da txuri-urdinekin lanean.

Aurrelari gipuzkoarrak ez du jarraikortasunik izan profesional gisa orain arte, zenbait lesio izan baititu.

2019-2020ko sasoia izan zen Merquelanzentzat oparoena. Izan ere, Mirandesen jokatu zuen utzita, Bigarren Mailan, eta 17 gol sartzeaz gain, 11 asistentzia egin zituen Ligan eta Kopan jokatutako 43 neurketetan. Ondoren, 2020-2021 denboraldian, Realera bueltatuta, 17 norgehiagokatan zelairatu zen Liga, Kopa eta Europa League txapelketetan.