Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek promozioan bilatuko du Lehen Mailarako igoera
EITB MEDIA
Joseba Etxeberriaren gizonek Real Oviedo hartu dute mendean Ipuruan (4-3), baina Leganesen garaipenak Hypermotion Ligako hirugarren postuan utzi du talde armagina; Leganesek lortu du zuzenean igotzea EA Sports Ligara.
-
Juan Berrocal, Zurawskirekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Eibarrek Lehen Mailarako igoera promozioa jokatuko du, Real Oviedo Ipuruan 4-3 irabazita, igandean, 2023-24 denboraldiko Hypermotion Ligako berrogeita bigarren eta azken jardunaldian; Joseba Etxeberriaren gizonek, horrenbestez, txapelketako hirugarren postuan amaitu dute Liga. Leganesek Elx menderatu du, 2-0, eta bigarren tokia eskuratu dute; hortaz, Madrilgo taldea zuzenean igo da EA Sports Ligara, eta Eibarrek play-offean izango du helburua gauzatzeko aukera. Promozioan, Real Oviedo bera izango da Eibarren aurreneko aurkaria, eta kanporaketa Ipuruan erabakiko da; garaileak Espanyol edo Sporting Gijon izango du aurkari igoerarako finalean.
Eibar-Real Oviedo partidako laburpena (4-3)
Ligako fase erregularrari amaiera eman dion norgehiagoka ikusgarria izan da, eta argi gelditu da Eibar sendo iritsi dela promozioaren une erabakigarrira. Euskal taldeak igande honetan bertan igotzeko aukerak zituen; horretarako, behar zuen irabazi, eta, halaber, Leganesek galtzea. Hori bai, garrantzitsua zen, nolanahi ere, garaipena lortzea, horrek bermatzen baitzuen talde armagina hirugarren postuan sailkatuko zela, eta, hala, play-offeko kanporaketetan itzuliko partida etxean jokatuko zuela. Berdegunean, Real Oviedok jo du aurretik; Asturiaseko taldeak promozioan sartzeko txartela nahi zuen ziurtatu, eta, bosgarren minutuan, Borja Sanchezen bidez, 0-1koa jarri du.
Eibarrek ez du amore eman, baina, eta lehen zatian bertan irauli egin du markagailua. Ager Aketxek, penaltiz, 25. minutuan, banakoa egin du, eta Sergio Leonek, 39.ean, 2-1koa sartu du. Talde armagina aurretik zen, orduan.
Partidako azken txanpan emozio handia izan da. 81. minutuan, Borja Bastonek 2-2koa egin du, eta ia jarraian, 83.ean, Corpasek 3-2koa gauzatu du.
Etxeberriaren taldeak, 90. minutuan, Stoichkovek burututako jokaldi on batean, 4-2koa jarri du markagailuan. Luzapenean, 97.ean, Borja Bastonek gol ederra sartu du, 4-3koan; aurrelaria, Eibarreko jokalari ohia bera, bikain aritu da.
Eibarrek, horrenbestez, datorren asteburuan emango dio hasiera promozioari, larunbatean, hilaren 8an, 18:30ean, Carlos Tartiere futbol zelaian, Real Oviedoren aurka. Itzuliko partida ekainaren 12an jokatuko dute Ipuruan, eta kanporaketako irabazleak Espanyol edo Sporting Gijon gainditu beharko du, bi partidara orduan ere, Lehen Mailarako igoera erdiesteko.
Fitxa teknikoa
4 - Eibar: Luca, Corpas, Venancio (Rios Reina, 85. min), Berrocal, Cristian (Vencedor, 85. min) , Nolaskoain, Matheus, Aketxe (Sergio Alvarez, 75. min), Mario Soriano (Mada, 75. min), Stoichkov eta Sergio Leon (Correa, 69. min).
3 - Oviedo: Leo Roman, Viti, Luengo, Dani Calvo, Pomares (Bretones, 77. min), Seoane, Colombatto, Paulino (Sebas Moyano, 67. min), Masca (Dubasin, 46. min), Borja Sanchez (Baston, 67. min) eta Alemao (Millan, 86. min).
Epailea: Jose Luis Guzman, Andaluziako Batzordekoa bera. Corpas (Eibar) eta Paulino eta Seoane (Real Oviedo) zigortu ditu, txartel horia aterata.
Golak: 0-1, 5. min. Borja Sanchez. 1-1, 25. min. Aketxe, penaltiz. 2-1, 40. min. Sergio Leon. 2-2, 81. min. Borja Baston. 3- 2, 83. min. Corpas. 4-2, 90. min. Stoichkov. 4-3, 97. min. Borja Baston.
Gertakizunak: Giro bikaina, Ipuruan. Estadioa bete egin da, 7.588 zale izan dira.