Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek garaipena lortu du Vila-real B-ren aurka (2-0), eta igoera lortzeko lehian sartu da
L.U. | EITB MEDIA
Armaginek bigarren partida jarraian jokatu dute larunbat honetan Ipuruan, Vila-real B-ren aurka. Etxeko taldeak 2-0 irabazi dio Castelloko taldeari, eta behin-behinean bigarren jarri da, igoera zuzena ematen duen bigarren postuan. Sergio Leon eta Jose Corpas (penaltiz) izan dira golegileak.
-
Eibarreko jokalariak gola ospatzen Argazkia: @SDEibar
Eibarrek 2-0 irabazi dio larunbat honetan Vila-real B-ri Ipuruan, Hypermotion Ligako 31. jardunaldian. Horrela, hiru puntu garrantzitsu lortu ditu sailkapeneko bigarren postuan kokatzeko, 52 punturekin.
Neurketako lehen minutuetan ez da dominatzaile argirik egon, bi taldeek zehaztasun falta ugari izan baitituzte. Vila-realen presioa ona izan da, eta asko zaildu du armaginen irteera.
Neurketak aurrera egin ahala, ordea, Eibar partidan sartzen joan da, eta 36. minutuan, Joseba Etxeberriaren mutilen lehen gola iritsi da. Talde bisitariaren atezainak huts egin ostean, Matheus Pereirak baloia Sergio Leoni pasatu dio, horrek ezkerrarekin egin du errematea behetik, oso gertu, ezker zutoinaren ondoan, eta baloia Castelloko taldearen sareetara bidali du (1-0).
Markagailuan etxeko taldearen aldeko emaitzarekin joan dira aldageletara.
Talde horia indartsuago zelairatu da bigarren zatian, eta lehen minutuetan Ontiveros, jaurtiketa gogor batekin, Luca ezustean harrapatzen saiatu da, baina baloia langa gainetik joan da.
70. minutuan, Vila-real ondoen jokatzen ari zenean, Lekovicek Stoichkov area barruan lurrera bota du, eta epaileak ez du zalantzarik izan penalti adierazteko. Jose Corpasek ez du barkatu, eta bisitarien ate barrura bidali du baloia (2-0).
Horrela, bada, garaipen honekin, Joseba Etxeberriaren taldea igoera lortzeko borrokan sartu da.
Fitxa teknikoa
2 - Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Cristian, Vencedor (Nolaskoain, 68. min), Matheus, Aketxe (Corpas, 68. min), Mario Soriano (Sergio Álvarez, 83. min), Stoichkov (Konrad, 83. min) eta Sergio Leon (Bautista, 58. min).
0 - Vila-real B: Morro, Alti, Espigares, Lekovic (Pau Navarro, 80. min), Tasende, Rodrigo, Gelardo (Tiago, 75. min), Requena (Novoa, 67. min), Ontiveros, Collado (Ferrari, 67. min) eta Fores (Pascual, 67. min).
Epailea: Alvaro Moreno. Txartel horia atera die Eibarko Matheus (22. min) eta Vila-real B-ko Ontiveros (33. min), Requena (58. min) eta Lekovic (70. min) jokalariei.
Golak: 1-0, 37. min: Sergio Leon. 2-0, 73. min: Corpas (penaltiz).