Eibar
24. jardundaldia
Sergio Leonek debuta egin du Mirandesen aurka, eta Eibar zuzenean igotzeko postuetan utzi du (1-0)
AGENTZIAK |EITB MEDIA
Kordobako aurrelariaren debuta ezin hobea izan da, armaginek Mirandesen aurka lortutako garaipenaren gola egin baitu, jokoan sartu eta bi minutura, eta talde gipuzkoarra sailkapeneko goiko postuetan utzi du.
-
Eibar vs Mirandés. Argazkia: SD Eibar.
Eibarrek 1-0 irabazi dio ostiral honetan CD Mirandesi, Sergio Leon fitxatu berriaren golari esker, eta Hypermotion Ligako bigarren postuan kokatu da behin-behinean, 41 puntu dituela, 24. jardunaldia ireki duen partidaren ostean.
Partidako lehen abagunea Mirandesena izan da, 6. minutuan, Carlos Martinen jokaldi on bati esker. Eibarren erantzuna berehala etorri da, eta Mario Sorianok area barrutik egindako jaurtiketa batekin amaitu da. Lehen minutuak espekulatzen ez zuten bi talderen arteko jokaldiak izan dira.
Atsedenaldiaren atarian, Carlosek Mirandes aurreratzeko aukera izan du alboko jaurtiketa batekin, baina Lucak gelditu egin du. Bi taldeek aukera ugari izan dituzten arren, partida hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatia intentsitate handiz hasi du Eibarrek, Rios Reinaren urruneko jaurtiketa baten bitartez abagune bikaina izan baitu. Matheus saiatu da jokaldia errepikatzen, 52. minutuan, urrundik egindako jaurtiketa batekin, baina gurutzatuegi joan zaio.
Burgoskoek ez dute etsi. 53. minutuan, Carlos Martinen jokaldi batek armaginen atetik metro batera sartzeko aukera eman dio, baina Lucak jaurtiketa gelditu du partida osoan izandako aukera argienean. Etxeko taldearen erreplika Ramonen beste geldialdi batekin amaitu da, Mario Sorianok urrunetik egindako jaurtiketa indartsu bati erantzunez. Ondoren, 68. minutuan, Stoichkovek, kontrol bikaina egin ondoren, jaurti, eta Ramonek beste geldiketa bat egin du.
Partida trabatuta zegoenean, Joseba Etxeberriak Sergio Leon zelairatu du. Kordobako jokalariak, zelaira sartu eta bi minutura, posizio ezin hobean jaso du baloia area erdian, eta kalitate handiko kontrol bikaina egin ondoren, etxeko taldea aurreratu du markagailuan, baloia aurkariaren sareetara bidalita.
Andaluziako aurrelaria partida erabakita uzteko zorian egon da, Ramonek ateko marraren ondotik atera duen jaurtiketa batekin. Elxetik heldu den aurrelariaren debuta bikaina izan da, urrezko hiru puntu eman baitizkio Eibarri.
Fitxa teknikoa:
1. Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Rios Reina (Cristian, 65. min), Vencedor (Konrad, 82. min), Matheus, Aketxe (Corpas, 65. min), Mario Soriano, Stoichkov (Yriarte, 82. min) eta Bautista (Sergio Leon, 75. min).
0. Mirandes: Ramon, Ruben, Pablo Ramon, Barcia, Gomez, Tachi (Tomeo, 61. min), Lachuer (Kebe, 72. min), Ilyas Chaira (Durdov, 82.min), Alvaro Sanz, Gabri Martinez eta Carlos.
Epailea: Murtziako Batzordeko Salvador Lax. Txartel horia atera die Matheusi (hurrengo partida galduko du, pilatutako txartelen ondorioz) 37. minutuan, Gabriri 90.ean eta Gomezi 93.ean.
Gola: 1-0, Sergio Leon, 77. min.