Eibar
23. jardunaldia
Eibarrek 2-3 irabazi du Alcorazen, Huesca aurkari, eta puntu bakarrera du igoera zuzena
EITB MEDIA
Juan Berrocalek eta Mario Sorianok, lehen zatian, bi goleko abantaila eman diote talde armaginari, baina Huescak, atsedenaldiaren ostean, berdingu egin du; Stoichkovek, 71. minutuan, hirugarrena sartu du.
-
Stoichkovek hirugarren gola sartu du, Huescan. Argazkia: SD Eibar.
Eibarrek 2-3 menderatu du Huesca, Alcoraz futbol zelaian, igandean, 2023-24 denboraldiko Hypermotion Ligako 23. jardunaldian. Juan Berrocalek eta Mario Sorianok, lehen zatian, bi goleko abantaila eman diote talde armaginari, baina Huescak, atsedenaldiaren ostean, berdingu egin du; Stoichkovek, 71. minutuan, hirugarrena sartu du. Garaipenak sailkapeneko laugarren postuan utzi du Joseba Etxeberriaren taldea, 38 puntu dituela; Gipuzkoako taldeak, hala, puntu bakarrera du igoera zuzena.
Eibarrek lehen zati bikaina egin du; talde armaginak bi gol sartu ditu, eta, hori gutxi balitz bezala, gol gehiago ere sartzeko aukeraren bat sortu du. Laugarren minutuan, kontraeraso batean, Huescako Joaquin Luca Zidaneren aurrean geratu da, baina Eibarko atezainak geldiketa ona egin dio. Hortik aurrera, Joseba Etxeberriaren gizonek jokoa kontrolatu dute, eta arriskua sortu dute etxeko taldearen arean.
26. minutuan, Konrad de la Fuentek jokaldi ikusgarria sinatu du; izan ere, zelaia puntu batetik bestera zeharkatu du, eta Alvaro Fernandez atezainak saihestu du 0-1ekoa. 38. minutuan, baina, Aketxek ondo ateratako korner baten ondorioz, Juan Berrocalek, bigarren zutoinean, buruz errematatu eta abantaila eman dio Gipuzkoako taldeari.
Bost minuturen buruan, Mario Sorianok, area barrutik, Rios Reinak ezkerretik egindako jokaldi on bat baliatu du, 0-2koa sartzeko. Madrildarraren golak argi utzi du Joseba Etxeberriaren taldearen asmoa zela garaipena lortzeko aukerari ihes egiten ez uztea.
Bigarren zatiko lehen tartea, hala ere, ez da batere ona izan Eibarrentzat; izan ere, Huescak, Hugo Vallejoren eta Kento Hashimotoren bidez, markagailua berdindu du, hogei minututan. 1-2koa bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da, Joaquinek ezkerretik ondo egindako jokaldi baten ondorioz; binakoa gol oso polita izan da, Kentok jaurtiketa bikaina egin baitu, areaz kanpotik.
Eibar, dena den, suspertu egin da, eta erantzunik onena eman du: 71. minutuan, Ager Aketxek pase sakon ona eman dio Stoichkovi, eta azken horrek 2-3koa sartu du, jaurtiketa indartsu bat botaz. Euskal taldearen hirugarren golak, hala, beste behin eman dio aurrea Etxeberriaren taldeari.
Luca Zidanek, 86. minutuan, meritu handiko geldiketa bikoitza egin du, eta Eibarren garaipena bermatu du. Armaginek, hala, hiru puntu eder poltsikoratu dituzte Alcorazen.
Fitxa teknikoa
2 - Huesca: Alvaro Fernandez; Nieto (Gerard Valentin, 46. min), Blasco (Kortajarena, 80. min) , Jorge Pulido, Loureiro, Vilarrasa; Sielva (Ayman, 88. min), Kento (Mier, 80. min); Lombardo (Obeng, 75. min), Hugo Valllejo eta Joaquin.
3 - Eibar: Luca; Tejero (Correa, 80. min), Berrocal, Arbilla, Rios Reina; Vencedor (Yriarte, 80. min), Matehus; Aketxe, Mario Soriano (Madariaga, 88. min), Konrad (De la Fuente, 65. min); eta Stoichkov (Qasmi, 88. min)
Golak: 0-1, 37. min, Berrocal; 0-2, 42. min, Mario; 1-2, 47. min, Hugo Vallejo; 2-2, 65. min, Hashimoto; 2-3, 71. min, Stoichkov.
Epailea: Ais Reig (Valentzia). Huescako Hugo Vallejo eta Eibarreko Stoichkov zigortu ditu, txartel horia ateraz.
Gertakizunak: 5.011 zale Alcoraz estadioan.