Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek porrota jaso du Alcorconen aurka (1-0)

L.U. | EITB Media

Talde armaginak 1-0 galdu du Alcorconen aurka, Hypermotion Ligako 20. jardunaldiko partida. Eibarren nagusitasuna argia izan da, baina armaginen defentsan lehenengo minutuetan egindako akats larri batek Chikiren gola ekarri du, partidako bakarra.

  • Alcorcon vs Eibar  Argazkia: @SDEibar

    Alcorcon vs Eibar Argazkia: @SDEibar

Eibarrek 1-0 galdu du Alcorconen aurka Santo Domingo futbol zelaian, igande honetan, abenduak 17, Hypermotion Ligako 20. jardunaldiko partida. Horrela, armaginek ez dute punturik batu, eta urrezko aukera galdu dute Sportingek eta Leganesek atzoko berdinketaren ostean ateratzen dioten aldea murrizteko.

Partida hasi eta berehala, maldan gora jarri zaio partida talde armaginari; izan ere, 8. minutuan iritsi da Alcorconen gola. Eibarren defentsak akats larria egin du Arbillaren (Iago Lopezen alboko zerbitzua ez du buruz jo) eta Zidanen artean, eta Chikik baloia sarera bultzatu besterik ez du egin behar izan.

Gol horrek partidaren hasierako dinamika areagotu du: bisitariaren nagusitasuna eta bertakoen erresistentzia. Lehen zatian, Eibarrek berdinketa lortzeko abagune nahikoak izan ditu, baina Jon Bautistak eta Stoichkovek ezin izan dute Lucas Anacker gainditu.

Atsedenaldiaren ostean, bisitarien nagusitasuna are handiagoa izan da. Jokaldien bidez lortutako aukerak ezin izan dituzte gauzatu, eta geldikako baloiak ere ez dituzte aprobetxatu. Neurketako gol bakarra kostatu zaion estrategiak ez dio ezer ekarri erasoan, eta Joseba Etxeberriaren taldeak amore eman du, azkenean, Alcorconen etxean.

Eibarrek bolada txarra luzatu du, Ligako azken zazpi partidetan garaipen bakarra lortuta, baina hogeigarren jardunaldia amaitu aurretik 31 puntu dituela, igotzeko play-offa jokatzeko postuetan dago.

Fitxa teknikoa

1 - Alcorcon: Lucas Anacker; Iago Lopez, Javi Castro, David Morillas, Xavier Quintilla; Víctor Garcia, Yan Eteki, Javi Lara (Javier Perez, 63. min), Jacobo Gonzalez; Koldo Obieta (Juan Ortola, 77. min) eta Cristian Borrego 'Chiki' (Juanma Bravo, 77. min)

0 - Eibar: Luca Zidane; Alvaro Tejero (Yanis Rahmani, 81. min), Frederico Venâncio (Stefan Simic, 68. min), Anaitz Arbilla, Jose Antonio Ríos Reina (Cristian Gutierrez, 58. min); Unai Vencedor, Matheus Pereira; Jose Corpas, Mario Soriano (Ager Aketxe, 58. min), Stoichkov; eta Jon Bautista.

Gola: 1-0, 8. min: Chiki.

Epailea: Daniel Jesus Trujillo Suarez. Txartel horia atera die Juanma Bravo Alcorconeko jokalariari (80. min) eta Frederico Venâncio (38. min) eta Unai Vencedor (55. min) Eibarko jokalariei.