Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek 2-2 berdindu Andorrarekin, 60. minututik jokalari bat gutxiagorekin egonda
EITB Media
Talde armaginak berdindu egin du (2-2) Ipuruan jokatutako Hypermotion Ligako 19. jardunaldiko partida. Sergio Alvarezek bigarren txartel horia ikusi du 60. minutuan eta bat gutxiagorekin utzi du bere taldea.
-
Eibar - Andorra. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek 2-2 berdindu du Andorrarekin, igande honetan, abenduaren 10ean, Ipuruan jokatutako Hypermotion Ligako 19. jardunaldiko partida. Ondorioz, armaginak sailkapeneko bosgarren postuan daude 31 punturekin.
Erritmo biziarekin ekin diote neurketari bi taldeek, baina Andorra izan da lehena aurkariaren atea zulatzen: Iker Benitok sartu du 0-1ekoa bosgarren minutuan, Petxarromanen erdiraketa errematatuta.
Armaginek azkar erantzun dute. Joseba Etxeberriak zuzendutako taldeak erasora jo du, eta Stoichkovek banakoa jarri du markagailuan (1-1), 23. minutuan, Gutierrezen pasea baliatu eta area barrutik egindako jaurtiketarekin Dani Martin atezaina gaindituta.
Golak hauspotuta, nagusi izan da Eibar lehen zatiko azken txanpan. Etxeko taldearen ekinak saria jaso du 35. minutuan, Samperrek bere atean sartutako golarekin (2-1).
Bigarren zatian erasokor zelairatu dira Eibar eta Andorra. Atsedenaldiaren osteko lehen ordu laurdena parekatua izan da, baina 60. minutuan gauzak zail jarri zaizkio talde armaginari, epaileak Sergio Alvarez egotzi baitu. Etxeko taldeko erdilariak bigarren txartel horia ikusi du Samperri egindako falta batengatik.
Ondoren, sufritzea tokatu zaio Eibarri. Etxeberriak zuzendutako mutilak Andorraren erasoko jokaldiei ondo eusten ibili dira, baina 79. minutuan epaileak kanpoko taldearen aldeko penaltia adierazi du, Arbillak eskuarekin moztu baitu area barruan Scheidlerren jaurtiketa. Manu Nietok egin du penalti jaurtiketa eta binakoa jarri du markagailuan (2-2).
Gainera, luzapenean, Luca Zidane atezainak eragotzi du talde bisitariaren garaipena, NIetoren jaurtiketari erantzun bikaina emanda. Azkenean, berdinketa (2-2) eta puntu bana talde bakoitzarentzat.