Eibar
Errege Kopa
Eibarrek penaltietan kanporatu du Melilla, eta Kopako final hamaseirenetan sartu da
EITB MEDIA
Quiquek, 54. minutuan, penaltiz, etxeko taldearen gola berdindu du. Penaltietan, Corpasek, Quiquek berak, Tejerok eta Tronchok ez dute huts egin, eta Melillak, aldiz, bakarra sartu du. Yoel atezaina ondo aritu da.
Eibarrek Melilla kanporatu du ostegun gauean 2023-24 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketan, eta, horrenbestez, final hamaseirenetarako sailkatu da. Joseba Etxeberriaren gizonek penalti jaurtiketetan lortu dute sailkatzea; Corpasek, Quiquek, Tejerok eta Tronchok gola egin dute, eta Melillak bakarra sartu du, Yoel atezaina ondo aritu baita. Aurretik, partida bana amaitu da, eta Quiquek berak sartu du armaginen gola, penaltiz.
Aurreneko 45 minutuetan, Eibarrek ezin izan du aurkaria gainditu; gainera, Melilla, Jose Enriqueren golari esker, aurretik jarri da markagailuan, 21. minutuan. Joseba Etxeberriaren gizonak ez dira eroso ibili berdegunean, eta gola jasotakoan, erasoa bizitzen saiatu dira, berdinketaren bila. Dena dela, atsedenaldira heldu baino lehen ez du golik egin Eibarrek, eta talde armaginak bigarren zatian irauli behar izan du emaitza.
Berdinketa 54. minutuan heldu da, eta Quiquek sartu du, penaltiz. Arauzko 90 minutuak amaitu arte, Eibarrek ahalegin handia egin du bigarrena egiteko, baina Melillak 1-1ekoari eutsi dio, eta luzapena behartu du.
Luzapeneko 30 minutuetan, markagailua ez da aldatu; Dani Garcia Melillako jokalariak birritan gola gertu izan duen arren. Kanporaketa, horrela, penalti jaurtiketen bidez ebatzi da. Eibar oso nagusi izan da orduan. Gipuzkoako taldeko jokalariek bat ere ez dute huts egin, eta Melillak, aldiz, bakarra sartu du. Hala, Eibarrek sailkatzea lortu du.