Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek garaipen bikaina lortu du Anduvan, Mirandesen aurka (1-3), Bautistaren eta Vencedorren golei esker
EITB MEDIA
Jon Bautistak bi gol egin ditu. Joseba Etxeberriaren taldeak lau partida daramatza jarraian punturik galdu gabe, eta, nahiz eta Liga apur bat motelago hasi, orain sasoi betean dabil. Vencedorren 1-2koa eta Bautistaren 1-3koa gol bikainak izan dira.
-
Corpas, Bautista eta Vencedor, errenterriak 1-3koa sartu ostean. Argazkia: SD Eibar.
Eibarrek 1-3 irabazi du Anduvan, Mirandesen aurka, ostegunean, 2023-24 denboraldiko Hypermotion Ligako bederatzigarren jardunaldian. Jon Bautistak, 31. eta 55. minutuetan, eta Unai Vencedorrek, 49.ean, Joseba Etxeberriaren taldearen hiru golak sartu dituzte, eta Gabri Martinezek lortu du Mirandesena, 40. minutuan. Hala, Eibarrek elkarren segidako laugarren garaipena erdietsi du, 15 puntu ditu batuta dagoeneko, eta, sailkapenean, zortzigarren posturaino igo da, behin behinean.
Talde armaginak merezita irabazi du; bigarren zatiaren lehen minutuak izan dira gakoak. Vencedorrek eta Bautistak atsedenaldia amaituta sartutako bi golak, ikusgarriak ez ezik, erabakigarriak izan dira, etxeko taldeari erantzunik gabe utzi baitute. Eibarrek aurkaria baino hobeto jokatu du, eta ez dio inolako aukerarik eman.
Eibarrek zelai erdia hartu du hasieratik, eta, ondorioz, Mirandes baino hobeto ibili da lehen zatian; etxeko taldea, aurreneko ordu erdian, ia-ia ez da gerturatu talde armaginaren areara. Unai Vencedor ondo ibili da baloia mugitzen, eta Stoichkovek eta Bautistak, azkar eta trebe, arazoak sortu dizkiete etxeko taldearen atzelariei.
Neurketako lehen abagune ona zortzigarren minutuan izan da: orduan, Vencedorri, korner batean, gutxi falta izan zaio gola zuzenean egiteko. 19. minutuan, Bautista ondo sartu da ezkerretik, baina Stoichkovek ez du asmatu errematean. Ordu erdian, ordea, Bautistak aurreneko gola jarri du; errenteriarrak Mirandeseko atzelarien eta atezainaren akats bat baliatu du, hanka sartu eta baloia sareetara bidaltzeko. Etxeko taldeko jokalariek ez dute elkar ulertu, eta aurrelari gipuzkoarrak ez du huts egin, 0-1ekoa egiteko.
Joseba Etxeberriaren gizonek nahi zuten puntuan zuten partida, eroso baitzeuden; 40. minutuan, baina, Mirandesek Eibarren zelaian egin duen ia lehen jokaldian, Gabri Martinezek banakoa egin du, Jonathan Gomezen pasea aprobetxatuz. Lehen zatia horrela amaitu da, 1-1.
Eibarrek ez du amore eman, eta bikain sartu da partidara bigarren zatian; izan ere, zaila da gehiago lortzea atsedenaldiaren osteko lehen hamar minutuetan. Vencedorrek eta, berriro ere, Bautistak, gol bana ederra egin dute, markagailuan 1-3koa ezarrita, 49. eta 55. minutuetan.
Erdilari bilbotarrak bigarren aldiz lortu du gola egitea Eibarren dagoenetik, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitz bat baliatu du horretarako. Oso ondo jo du, eta Luis Lopez etxeko taldeko atezainak ezin izan du ezer egin armaginen bigarren gola galarazteko.
Ia jarraian, aurkaria oraindik kolpea jaso berritan zegoela, Jose Corpasek ondo lapurtu du eskuinean, eta erdiraketa ederra jarri du areara; Bautistak, burukada oso polita eginda, 1-3koa egin du.
Partida amaitu bitartean, Eibarrek ez du aparteko arazorik izan emaitzari eusteko. Mirandesen gol aukerarik onena Jonathan Gomezek izan du, 86. minutuan; Realak utzitako jokalariak, neurketan bere taldeko onenetakoa bera, ausart egin du aurrera ezkerretik, era gutxigatik ez du sartu 2-3koa. Gipuzkoako taldeak ere izan ditu jokaldi batzuk laugarren gola erdiesteko, kontraeraso batzuetan, baina, azkenean, horiek ez dute eraginik izan azken emaitzan.
Eibar, horrenbestez, orain arteko unerik onenean iritsiko da igandean Lezaman Amorebietaren aurka jokatuko duen derbira. Etxeberriaren gizonek ez zioten ondo ekin txapelketari, baina gorantz doaz, eta sailkapeneko goiko postuak dituzte jomugan orain.
Fitxa teknikoa
1 - Mirandes: Luis Lopez, Diego Moreno (Ruben Sanchez 76. min) , Pablo Ramon, Barcia, Barbu (Alcedo 76. min), Jonathan Gómez, Alvaro Sanz (Carlos Martin 52. min), Tomeo, Reina (Baeza 81. min), Gabri Martinez eta Javier Marton (Durdov 52. min).
3 - Eibar: Luca Zidane, Tejero, Berrocal (Cristian Gutierrez 82. min), Arbilla, Rios, Unai Vencedor (Matheus 66. min), Sergio Alvarez, Corpas (Venancio 82. min), Soriano, Stoichkov (Rahmani 73. min) eta Bautista (Quique Gonzalez 73. min).
Golak: 0-1 30. min: Jon Bautista. 1-1 38. min: Gabri. 1-2 49. min: Vencedor. 1-3 55. min: Jon Bautista
Epailea: Moreno Aragon (Andaluziako Batzordea). Jokalari hauek zigortu ditu, txartel horia atetrata: Reina (26. min) eta Tomeo (74. min) (Mirandes), eta Berrocal (15. min) eta Soriano (58. min) (Eibar).
Gertakizunak: 9. jardunaldiko partida, Anduvan.