Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek denboraldiko hirugarren porrota jaso du, Leganesen aurka galduta (0-1)

EITB Media

Armaginek 0-1eko emaitzarekin galdu dute Madrilgo taldearen kontra Ipuruan jokatutako Hypermotion Ligako 4. jardunaldiko partida. Chiccok sartu du neurketako gol bakarra, 34. minutuan.

  • Eibar - Leganes

    Eibar - Leganes partidako jokaldi bateko irudia. Argazkisa: @SDEibar

Eibarrek galdu egin du Leganesen aurka 0-1eko emaitzarekin, igande honetan, irailaren 3an, Ipuruan jokatutako Hypermotion Ligako 4. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde armaginak denboraldiko 3. porrota jaso du, eta sailkapeneko behealdean dago, 3 punturekin.

Parekotasuna izan da nagusi hasierako minutuetan, eta bi taldeei kosta egin zaie abagune argiak sortzea. Hala ere, Eibarrek eman du lehen abisua, 15. minutuan, baina Stoichkoven errematea atezainak desbideratu du, gola saihesteko.

Lehen ordu erdi lehiatua gainditu ostean, 34. minutuan, Leganesek gola sartu du Eibarren ate aurrean izandako lehen aukera argian: Julian Chicco izan da golegilea (0-1). Franquesak erdiraketa ona egin, eta armaginen ate barruan sartu du baloia.

Gola hartu ostean, Eibar saiatu da atsedenaldira heldu baino lehen neurketa berdintzen, baina ezin izan du helburua lortu.

Talde armagina erasokor zelairatu da bigarren zatian. Ager Aketxeren bi jaurtiketarekin egin du saiakera, baina ezin izan du aurkarien atea zulatu. Leganesek 62. minutuan erantzun du, Rabaren errematearekin, nahiz eta Madrilgo taldeko aurrelariak ez duen Zidane arazoetan jarri.

Eibar azkenera arte borrokatu da, eta 82. minutuan gola sartzeko aukera argia izan du; Berrocalen errematea, hala ere, langa gainetik joan da kanpora. Norgehiagokako azken jokaldian, beste aukera bat izan du Eibarrek; Angel Tronchoren errematea, ordea, kanpora joan da.

Horrenbestez, talde armaginak porrota jaso du (0-1) eta punturik gabe geratu da.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Luca, Tejero, Venancio (Arbilla, 13. min), Berrocal, Cristian (Mario Soriano, 76. min), Sergio Alvarez, Matheus (Vencedor, 46. min), Corpas (Troncho, 60. min), Aketxe, Rahmani (Bautista, 76. min) eta Stoichkov.

1 - Leganes: Diego Conde, Nyom, Arambarri, Sergio G., Franquesa, Cisse (Lalo, 86. min), Luis Perez, Julian Chicco (Jorge Miramon, 46. min), Raba (Neyou, 64. min), Diego García (Miguel de la Fuente, 77. min) eta Djouahra (Naim, 46. min).

Gol: 0-1, 34. min: Julian Chicco.

Epailea: Diego Jesus Trujillo Suarez. Txartel horia atera die Matheus (28. min) eta Berrocal (87. min) Eibar taldeko jokalariei, baita Luis Perez (32. min), Julian Chicco (42. min) eta Cisse (50. min) Leganesekoei.