Itxi

Eibar

Ipuruan

Eibar igoera zuzenean lortzeko aukerarik gabe geratu da, Sportingekin berdindu ostean (2-2)

EITB MEDIA

Gaizka Garitanoren taldeak 0 eta 2ko emaitza irauli du bigarren zatian, baina gainontzeko emaitzek kalte egin diete eta playoffa jokatu beharko dute. Armaginek bederatzi jardunaldi daramatzate garaipenik lortu gabe.

  • Eibar-Sporting

    Eibar-Sporting. Irudia: @SDEibar.

Eibar Lehen Mailara igoera zuzenean lortzeko aukera barik geratu da, etxean Gijoneko Sportingen aurka bina egin ostean. Armaginek ez dutre partida ona egin eta bigarren zatian 0 eta 2 galtzen joan dira, Stoichkovek, penaltiz, eta Blanco Leschukek, 90. minutuan, berdinketa lortu duten arte.

Eibar-Sporting partidaren laburpena

Lehen gola VAR bidez adierazitako penalti baten ondorioz iritsi da. Djukak jaurti du 18. minutuan eta asturiarrak markagailuan 0 eta 1 aurreratu dira.

Gol horrekin, gauzak nabarmen okertu dira armaginentzat. Igoera zuenean lortzeko, eta gainontzeko zelaietako emaitzak kontuan hartuta, Garitanoren taldeak emaitza derrigorrez irauli behar zuen.  

Bigarren zatian, gipuzkoarrak erreakzionatzek saiatu dira, baina asturiarrak oso ziur aritu dira defentsan. Partida, gainera, gehiago okertu zaie eibartarrei, Sportingek bigarren gola egin baitu 52. minutuan. Sekulako gola sartu du Aitorrek bere zelaitik, Luca aurreratuta ikusi eta urrutitik egindako jaurtiketa Eibarren atean sartuta. Ipuruan bildutako zaleak mutu geratu dira.

Gauzak okerren zeudenean, Eibar berpiztu egin da. Tejerori falta egin diote area barruan, VARetik penaltia berretsi dute eta Stoichkovek 1 eta 2koa jarri du markagailuan.

Eta azken minutuan, hainbat aukera izan ostean, armaginek binakoa lortu dute: Blanco Leschukek egin du, korner baten ondorioz, baloia buruarekin sareetara errematatuz.

Fitxa teknikoa

2. Eibar: Luca, Tejero, Venancio, Berrocal, Arbilla, Nolaskoain, Matheus, Corpas (Blanco Leschuk, 59. min), Stoichkov, Vadillo (Rahmani, 59. min) eta Bautista (Aketxe, 69. min).

2. Sporting: Cuellar, Guille Rosas, Izquierdoz, Bruno, Cote, Aitor (Diego Sánchez, 74. min), Nacho Martín (Pedro Diaz, 57. min), Varane (Cristo, 80. min), Queipo (Marsa, 46. min), Juan (Rivera, 80. min) eta Djuka.

Golak: 0-1, 18. min. Djuka penaltiz. 0-2, 52. min. Aitor. 1-2, 68. min. Stoichkov, penaltiz. 2-2. 90. min. Blanco Leschuk.

Epailea: Mateo Busquets. Txartel horiak atera dizkie Tejero, Matheus eta Nacho jokalariei. Izquierdoz jokalariari bi atera dizkio eta, ondorioz, zelaitik kanpo bidali du 93. minutuan.