Eibar
F Liga
Eibar F Ligara igo da
Armaginek berdinketa lortu dute Granadan (0-0), igandean, azken jardunaldian, eta Deportivorekin berdinduta amaitu du denboraldia; azken talde hori menderatu egin zuen etxean, eta Galizian berdinketa izan zen. Osasunak igoerako play-offa jokatuko du, eta Athletic B taldeak mailari eutsi dio.
Eibarrek F Ligarako igoera lortu du igandean. Talde armaginak 0-0 berdindu du Granadan, Federazioaren Lehen Mailako azken jardunaldian, eta 53 puntu dituela amaitu du Liga, Deportivorekin berdinduta; kontuan izanik Eibarrek 1-0 menderatu zuela Deportivo etxean, eta Galizian 1-1 amaitu zela bi taldeen arteko neurketa, Eibarrek zuzeneko igoeraren postua bereganatu du. Osasunak ere bazuen F Ligara igotzeko aukera, baina galdu egin du Cacereñoren etxean (1-0), eta, horrenbestez, laugarren sailkatu denez, igoerako play-offa jokatuko du. Athletic B, bitartean, 0-2 nagusitu da Oviedon, eta mailari eustea erdietsi du.
Federazioaren Lehen Mailako azken jardunaldia eguerdian jokatu dute, eta emozioz beteta zetorren, hainbat arretagune baitzituen. Horietako bat Granadan zegoen; bertan, Eibar taldeak garaipena lortu behar zuen igotzeko aukerak ere bazituen Granadaren aurka (sailkapenaren lehen tokiak ematen du igoera zuzena, baina Bartzelona B geratu da lehen postuan, matematikoki, eta Bartzelonaren bigarren taldeak ez du F Ligara igotzerik, beste taldea baitu bertan), eta beste zelai batzuetan emandako emaitzen zain egon. Azkenean, Yerai Martinen jokalariek Granadan lortutako berdinketa (0-0) nahikoa izan dute Liga bigarren postuan amaitu eta igoera eskuratzeko. Albiseta 14:00ak aldera baieztatu da.
¿ ¡¿¿ ¿¿¿¿¿¿¿ ¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿!!!#EibarFem | #BetiArmaginak¿¿ pic.twitter.com/Vlyns9jsnA
— SD Eibar (@SDEibar) May 14, 2023
Eibar, horrela, F Ligara bueltatu da, jaitsi eta urtebetera. Denboraldi bat soilik eman du Gipuzkoako taldeak maila gorenetik kanpo.
Osasunarentzat ere izan zitekeen egun handia. Kakun Mainzen taldeak Cacereño zuen aurkari, etxetik kanpo, eta, garaipena lortuz gero, aukera polita zuen igoera lortzeko. Cacereñok, baina, 1-0 irabazi du, eta Osasunak ezin izan du igoera zuzenean lortu; nolanahi ere, denboraldia eta borroka ez da amaitu, gorritxoek play-offa jokatuko baitute, eta bertan dutelako helburua gauzatzeko abagunea.
Sailkapenaren beste aldean, Athletic B 0-2 nagusitu da Oviedon, eta, horrela, mailari eustea lortu du. Txapelketako azken txanpan, bikain ibili dira zuri-gorriak, hainbat partida erabakigarritan hiru puntuak lortuta.