Itxi

Eibar

SmartBank Liga

Bana berdindu dute Eibarrek eta Las Palmasek (1-1)

B. L. G. | EITB MEDIA

Garitanok zuzendutako taldeak ezin izan du garaipena lortu Kanariakoen aurrean. Gola jaso eta bi minutura lortu dute berdinketarena.

  • Loidice eta Quique

    Loidice eta Quique partidako jokaldi batean. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek ezin izan du berdinketatik pasa igoera lortzeko lehian arerio zuzena duen Las Palmasen etxean. Garitanok zuzendutako taldea galtzen hasi da, baina berehala berdindu du norgehiagoka.

Las Palmas - Eibar partidako laburpena (1-1)

Lehen zatia oso parekatua izan da. Las Palmasek eta Eibarrek aukerak tartekatu dituzte eta ez da jokoan bietako inor nagusitu. Hala ere, etxeko taldeak hartu du aurrea. 24. minutuan Sandrok ateratako korner batean Zidanek huts egin eta Alex Suarezek ate barrura bidali du baloia.

Eibarrek, baina, ez du denbora alferrik galdu eta bi minutu beranduago berdindu du norgehiagoka. Las Palmaseko atzelariak huts egin du bere area barruan egindako pase batean eta Quiquek baloia berreskuratu eta pasea eman dio Corpasi. Jaengoak, kontrol bikain baten ondoren, baloia sareratu du.

Lehen zatiko azken aukera garbia Eibarrek izan du. Garitanok zuzendutako taldea markagailuan aurretik jartzekotan egon da, baina atezainak Corpasi bat baten aurkakoa geratu dio lehenik eta Tejerori aldaratzean egindako jaurtiketa ondoren.

Banakoarekin heldu dira atsedenaldira eta aldageletatik bueltan etxeko taldea izan da nagusi. Lehen aukera kanariarrentzat izan da: Cocok jaurtiketa ikusgarria egin du urrunetik eta Luca Zidanek gogoz saiatu behar izan du gola ekiditeko.

Partidako aukera garbienetako bat 82. minutuan izan dute etxekoek. Korner batean prestatutako jokaldi bat egin eta area kanpotik Alberto Moleirok langara bidali du jaurtiketa.

Azken minutuetan jokoa estutu du Las Palmasek eta 87. minutuan, Rober Correak baloia goleko lerrotik bertatik atera du.

Azkenean, etxekoek ezin izan dituzte Garitanorenak mendean hartu eta lehen zatiko berdinketarekin amaitu da partida.

Fitxa teknikoa:

1 - Las Palmas: Álvaro Valles; Álex Suárez, Coco (Sidnei, 88. min), Eric Curbelo, Sergi Cardona; Loiodice, Mfulu, Óscar Clemente (Jonathan Viera, 61. min); Álvaro Jiménez (Pejiño, 70. min), Sandro (Marc Cardona, 70. min). (Enrique Clemente, 88. min) eta Moleiro.

1 - Eibar: Luca Zidane; Tejero, Venancio, Sergio Álvarez, Rober Correa, Imanol; Nolaskoain, Javi Muñoz (Matheus, 63. min); Corpas (Troncho, 74. min), Stoichkov (Blanco Leschuk, 74. min) eta Quique (Vadillo, 90+1. min).

Golak: 1-0, min. 24: Alex Suarez. 1-1, min. 26: Corpas.

Epailea: Víctor García Verdura. Txartel horia atera die Marc Cardona eta Enrique Clemente etxeko jokalariei, baita Corpas kanpotarrari ere.