Eibar
SmartBank Liga
Eibarrek igoera play-offeko finalean egoteko aurrerapausoa eman du, Gironari irabazita (0-1)
A. B. E. | EITB Media
Talde armaginak garaipena eskuratu du 0-1eko emaitzarekin Montilivin jokatu duen finalerdietako joaneko partida. Bigarren zati guztian jokalari bat gutxiagorekin ibili da Eibar, epaileak Tejero egotzi baitu atsedenaldira iritsi aurretik.
-
Eibarko jokalariek Aktxe aupatu dute Gironari sartu dion golaren ostean. Argazkia: EFE
Eibarrek irabazi egin du Gironaren aurka (0-1) ostegun honetan (ekainak 2) jokatu duen SmartBank Ligako igoera play-offetako finalerdietako kanporaketako joaneko partida. Talde armaginak aurrerapausoa eman du finalera sailkatzeko. Itzuliko neurketa igandean (ekainak 5) jokatuko da Ipuruan.
Eibar erasokor zelairatu da Montilivin eta lehen abagunea seigarren minutuan izan du; Venancioren errematea, ordea, atepetik atera du Arnauk. Nagusi izan da talde armagina lehen zatian, eta, 21. minutuan gola sartzeko beste aukera bat izan du, baina Edu Expositoren jaurtiketa kanpora joan da, langa jo ostean. Eibarren ekinak saria jaso du 28. minutuan Aketxek sartu duen gol ikusgarriarekin (0-1); Eibar taldeko jokalariak urrutitik egin duen jaurtiketa Gironak babestutako ate barruan sartu da. Gola bikaina izan da.
Armaginen golaren ostean, etxeko taldea saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina Eibar sendo ibili da defentsako lanean. Neurketa kontrolpean izan du Gipuzkoako taldeak. Hala ere, lehen zatiaren luzapenean, Tejero egotzi du epaileak eta Eibar jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Minutu baten bi txartel horia ikusi ditu talde armagineko jokalariak. Baenari falta egin dio lehenengo, eta ia jarraian Baena bera kolpatu du.
Gironak atzean sartu du Eibar bigarren zatiaren hasieran. Etxeko taldeari kosta egin zaio abagune argiak sortzea, baina Stuanik eman du lehen abisua 56. minutuan , kanpora joan den erremate batekin. Hiru minutu beranduago Baenak baloia area barruan kontrolatu du, dena alde izan du gola sartzeko, baina talde armagineko jokalariak gainera bota zaizkio eta ezin izan du errematea egin. Sufritzea egokitu zaio Eibarri, eta atzean sartuta jarraitu du, Kataluniako taldeak huts bat egin, eta aurkariaren ate aurrean arriskua sortzeko aukeraren zain. Neurketako 70. minutuan saiakera egin du Quique Gonzalezek, baina haren jaurtiketa kanpora joan da.
Azken txanpan Gironak itsu-itsuan jo du erasora; Eibarrek, ordea, defentsako lan bikaina egin du, eta ez dio aukera gehiegirik eman etxeko taldeari. Gainera, 86. minutuan kontraerasoa antolatu dute armaginek, baina Leschukek ezin izan du errematatu Sergio Alvarezen erdiraketa. Amaieraraino ekinean jarraitu du Gironak, Eibarrek ondo eutsi du, eta partida armaginen aldeko 0-1eko emaitzarekin amaitu da.
Fitxa teknikoa:
0 - Girona: Juan Carlos; Arnau, Santi Bueno, Bernardo, Juanpe (Moreno, 46. min), Jairo; Pol Lozano (Ivan Martin, 46. mn), Aleix Garcia; Alex Baena, Samu Saiz (Nahuel Bustos, 74. min); eta Stuani.
1 - Eibar: Cantero; Rober Correa, Frederico Venancio, Chema Rodriguez, Alvaro Tejero; Sergio Alvarez, Edu Exposito (Xabier Etxeita, 88. min); Corpas (Arbilla, 46. min), Aketxe (Yanis Rahmani, 80. min), Quique (Toño Garcia, 88. min); eta Fran Sol (Blanco Leschuk, 63. min).
Gola: 0-1, 28. min: Aketxe.
Epailea: Milla Alvendiz. Txartel horia atera dio Stuani (42. min) Gironako jokalariari, baita y Chema Rodriguez (30. min), Sergio Alvarez (82. min), Cantero (87. min), Rober Correa (92. min) eta Yanis Rahmani (93. min) Eibar taldeko futbolariei. Alvaro Tejero Eibar taldeko jokalaria egotzi du bi txartel horia aterata, 47. eta 48. minutuetan, hurrenez hurren.