Itxi

Eibar

LESIOA

Marko Dmitrovicek bihurdura du ezker belaunean

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Atezain serbiarrak Sevillaren aurkako neurketan hartu zuen min, Es-Nesyri aurrelari sevillarrarekin tupust egin zuenean.

  • Marko Dmitrovic

    Marko Dmitrovic. Argazkia: EFE

Marko Dmitrovic Eibar taldeko atezainak bihurdura du ezker belaunean, astelehen honetan jokalariari egindako proba erradiologikoen emaitzen arabera. Hala eman du jakitera klub armaginak ohar baten bidez.

Ohar horretan adierazten denez, jokalariaren errekuperazio prozesuaren "bilakaerak" zehaztuko du “noiz egongo den jokatzeko gertu”. Eibarrek hurrengo jardunaldietan partida erabakigarriei egin beharko die aurre, Osasuna, Valladolid, Elx edo Huesca aurkari zuzenak izango baititu aurrez aurre.

Atezain serbiarrak joan zen larunbatean hartu zuen min, Sevillaren aurkako neurketako lehen zatian, Es-Nesyri aurrelari sevillarrarekin tupust egin zuenean. Atsedenaldira arte jokatzen jarraitu bazuen ere, bigarren zatiko lehen minutuetan zelaia utzi behar izan zuen.

Dmitrovic, Bryan Gil erdilariarekin eta Kike Garcia aurrelariarekin batera, ezinbesteko hiru armaginetako bat da, eta bere jardunak ez dira oharkabean pasatu kontratua amaitzen zaion denboraldian.

Hori dela eta, Eibarrek Yoel ordezko atezainaren kontratua berritu du, denboraldi amaieran Dmtrovicek taldea uztea erabakiz gero, ordezko bermedun bat izateko.