Itxi

Eibar

16. JARDUNALDIA

Eibarrek aurreneko aldiz puntuatu du Camp Noun (1-1)

AGENTZIAK | EITB Media

Kikek ezustean baloia kendu dio Araujori eta lehen gola sartu du; alabaina hamar minutu beranduago Dembelek berdintzea lortu du.

0
Bartzelona – Eibar partidako laburpena eta gol guztiak

Eibarrek Bartzelonaren bolada txarra probesten jakin du Camp Noun, eta aurreneko aldiz historian, handik puntu bat eramatea lortu du. Bana berdindu dute Bartzelonak eta armaginek, Dembele eta Kikeren golekin.

Partidaren lehen minututan, Barçak markagailuan aurreratzeko aukera izan du, epaileak penalti seinalatu duenean. Messi lesionaturik, Braithwaitek jaurti du baloia eta atearen eskuinetik joan zaio.

25. minutuan, jokalari berak gola sartu du, baina VARa kontsultatu ostean, epaileak baliogabetu du, jokoz kanpo zegoelako. Eibarren aukerarik argiena Kadziorren falta jaurtiketa batean iritsi da, baina Ter Stegenek gelditu du.

Gauzak horrela, atsedenaldia iritsi da, eta bueltan, Koemanek Dembele sartu du, beste kutsu bat emanez norgehiagokari. Bartzelona gehiago erasotzen hasi da, baina ezustean, Kikek Araujori baloia kendu dio eta gola sartu du.

Hala ere, hamar minutu beranduago, Dembelek 1-1a egin du, gutxi iraun du armaginen poztasunak. Hori bai, amaiera arte Mendilibarren jokalariek partidari eutsi diote, eta puntu baliagarri bat eramatea erdietsi dute.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Dest (Dembele, 46.min), Araujo, Mingueza, Lenglet (Sergio Busquets, 82.min), Junior; De Jong, Pjanic (Coutinho, 65.min); Pedri (Riqui Puig, 88.min); Griezmann (Trincao, 65.min) eta Braithwaite.

1 - Eibar: Dmitrovic; Pozo, Esteban Burgos (Oliveira, 72.min), Bigas, Luis Rafael; Diop, Sergio Alvarez; Kadzior (Recio, 81.min), Edu Exposito, Inui; Kike (Muto, 72.min).

Golak: 0-1: Kike, 57.min. 1-1: Dembele, 67.min.