Eibar
10. jardunaldia
Eibarrek berdindu egin du Getaferekin eta Ipuruan irabazi gabe jarraitzen du (0-0)
Agentziak | Erredakzioa
Armaginek 10 jokalarirekin amaitu dute partida, Kike Garciak bigarren txartel horia ikusi ostean. Aurrelari eibartarrak izan du, hain zuzen, neurketako aukerarik onena, lehen zatian.
Eibarrek ezin izan dio Getaferi irabazi Ipuruan jokatutako LaLigako 10. jardunaldiko partidan. Armaginek ez dute oraindik etxean partida bat irabaztea lortu, gaurkoan gol aukera pare bat oso argiak izan dituzten arren.
Gipuzkoarren gol aukerarik argiena 10. minutuan iritsi da. Kike Garcia bakarrik geratu da David Soria atezainaren aurrean; lehen errematean, Soriak alderatu du eta, ondoren, Garciak berriro errematatzeko aukera izan du, ate osoa berarentzat edukita, baina baloiak langan jo du.
Eibar nagusi izan da zelaian, baina nagusitasun horrek ez du golik ekarri. Bordalasen taldea ere saiatu da markagailuan aurrea hartzen, baina zorterik gabe.
Bigarren zatian, gol aukerarik onenak azken minutuetan izan dituzte bi taldeek. Arauzko denbora amaitzear zela, Sergi Enrichen erremateak David Soriaren atearen zutoinean jo du. Ondoren, epaileak Kike Garcia kalera bota du, bigarren txartel horia aterata. Armaginak 10 jokalarirekin jokatu dituzte azken minutuak
Jarraian, Jaime Matak Getaferi hiru puntuak emateko aukera garbia izan du, baina Dmitrovicek erantzun bikaina eman dio Getafeko jokalariak egindako erremateari. Azkenean, berdinketa eta puntu bana Eibar eta Getafe taldeeantzat.
Fitxa teknikoa
0 - Eibar: Dmtrovic; Rober Correa, Oliveira, Bigas, Arbilla, Bryan Gil, Diop, Expósito (Álvarez, 95. min), Pedro León (Pozo, 61. min), Kike eta Muto (Enrich, 76. min).
0- Getafe: Soria, Damián, Djené, Chema, Olivera, Nyom (Ángel, 60. min), Arambarri, Timor, Cucurella, Mata eta Cucho.